TSSTko langileek elkarretaratzea egin dute enpresaren egoitza aurrean, Tolosa eta Donostia lotzen dituen autobus lineak dituen arriskuak salatzeko. "Bidaiarien segurtasunaren eta gidarien baldintza duinen alde" leloa duen pankarta zabaldu dute, eta erabaki dute hemendik aurrera ez direla geltoki arriskutsuetan geratuko.
N-1 errepidean Irura pareko geltokian iragan ostiralean izandako istripuak atera du gaia mahai gainera. Ez da TSST enpresako autobus gidariek zenbait geltokitako arriskuak salatu dituzten lehen aldia. Astelehen goizean egindako elkarretaratzean LAB sindikatuko Buruntzaldeko ordezkari Axel Aizpioleak adierazi duenez "duela hamar urte aurkeztu zuten Tolosa-Donostia lineako gidariek autobus geltoki arriskutsuen inguruko txostena, horietako lauzpabost N-1 errepidean daudenak, baina ez zaie kasurik egin". Salaketak behin eta berriz egin dituztela adierazi du LABeko ordezkariak, "azkena otsailean".
Gipuzkoako Foru Aldundiak istripua izan eta hurrengo egunean kendu zuen ibilbidetik geltoki hori eta kontrako norabidean dagoen parekoa, baina sindikatuek azpimarratu dute "tamalgarria" dela erabaki hori "TSSTko langileak eta enpresa komitea kontuan izan gabe" hartzea.