argia.eus
INPRIMATU
Autobus elektrikoaren aurkezpenean, metroa “aukerarik txarrena” dela salatu dute Donostian
  • Donostian zirkulazioan jarriko duten dBus-en 28 zenbakiko autobus elektriko berriaren aurkezpenean protesta egin du Satorralaiak. Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano eta hiriko alkate Eneko Goia aurkezpenera batu direnean, "Donostian busean bai, metroa ez dugu nahi!" aldarrikatu dute oihuka hainbat lagunek.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 13a
Autobus elektrikoaren aurrean protesta egin dute metroaren aurka. (Argazkia: Satorralaia)

Ekitaldian banatu duten esku-orrian beren iritzia azaldu dute. Satorralaiaren ustez, "autobusa hiriko mugikortasunari dagokionez aukerarik onena da" eta autobus elektriko berria abian jartzeak "garraio publikoa hobetzeko aukerak badaudela erakusten du".

Metroa eraikitzea, baina, "aukerarik txarrena" da hainbat arrazoirengatik: "Gure hiriaren tamainagatik garraio publikoak eskaini behar duen irisgarritasunari begira desegokia da, baita obraren kostu ekonomiko altuagatik eta eragin kaltegarriengatik ere".

Instituzioen garraio politika kontraesankorra eta "sobera propagandistikoa" dela azpimarratu nahi izan dute. "Dbus-en 28 linean 'ie-tram' ereduko bus elektrikoa abian jartzen duten bitartean, Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du Metro pasantearen egitasmoan Dbus-en hainbat linea kentzea (05-Benta Berri, 24-Altza-Gros-Antigua, 27-Altza-Intxaurrondo) eta beste zenbaiten maiztasunari murrizketa garrantzitsuak egitea (28-Amara-Ospitaleak eta 13-Altza, batzuk aipatzearren) nahiz “lanzadera” modura mugatzea (18-Seminarioa, 25-Añorga, 26-Martutene…).