argia.eus
INPRIMATU
Autoan lanera zihoan irakaslearen heriotzak, agerian utzi du interinitatearen “gaitz estrukturala”
  • Doneztebeko Mendaur institutura lanera zihoala, ostegun goizean autoan ezbeharra izan eta hil da 26 urteko emakume ataundarra N-121-A errepidean, Bera parean. Istripuan beste ibilgailu bateko lau pertsona arin zauritu dira.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko irailaren 14a
Auto istripua izan den tokia, Beran. Laneko heriotza izan dela nabarmendu dute sindikatuek (arg.: Nafarroako suhiltzaileak).

Irakasle bezala behin-behinean ari zen gaztea eta sindikatuek laneko beste heriotza bat izan dela esan dute. Irakaskuntzan dagoen interinitate maila altua nabarmendu dute; Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren irakaskuntza langileen %30 behin-behinean ari dela esan du Steilasek eta irakasle kontratatuek “egunero pairatzen duten arriskua” salatu du.

ELAk ere arrisku hori nabarmendu du: “Beraien ohiko bizilekutik urrun dauden ikastetxeetan lan kontratuak hartzera behartuta daude, egunero errepideetan beraien bizitzak arriskuan jarriz”. LABek, bere aldetik, interinitatea lan baldintzak prekarizatzen dituen "gaitz estrukturala" dela ohartarazi du; egoera horrek “langile horien bizitzetan sortzen duen ezegonkortasuna” errefusatu du sindikatu abertzaleak eta administrazioari neurriak hartzeko eskatu dizkio.

Bestalde, N-121-A errepidean izaten diren istripu hilgarriak ez direla “arazo puntual bat” gogorarazi du LABek eta bere ustez egoera horren inguruan egindako salaketei “entzungor” egiteak, “zerrenda luzatzea besterik ez du ekarri”.

Jadanik 17 langile hil dira aurten Nafarroan, lanera zihoazela edo lantokian bertan, horietatik 11 azken bi hilabetetan.

Geldialdia Doneztebeko zentroan

Irakasle ataundarraren heriotza salatu eta bere lankidea oroitzeko geldialdia eta elkarretaratzea egingo dute gaur Doneztebeko Mendaur institutuko langileek. Euskal gehiengo sindikalak ere erantzun bateratu bat adostuko du datozen egunetarako.