argia.eus
INPRIMATU
Autoa partekatzeko kooperatiba garatzen ari da Bizi
  • Autoa noizbehinka alokatzeko aukera ematen du partekatze honek eta erabiltzailea libratzen du mantenuaz, aseguruaz, aparkalekuaz eta abarrez. Urtean 10.000 kilometro baino gutxiago egiten dituztenentzat autoa partekatzea merkeago dela azaldu du Bizi mugimenduak eta interesa dutenekin harremana egiteko modua zabaldu du.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 21a

Autoa partekatzen duena normalean oinez, txirrindaz edo garraio publikoan mugitzen da. Baina iristea zaila den leku batera joan behar duelako, edo zama mugitu behar duelako eta abar, autoa behar duenean, alokatu dezake ordu batzuetarako, egun osorako edo denbora luzerako.

ADEMEren ikerketa batek ondorioztatu duenez, partekatutako auto batek 5-8 auto artean ordezkatzen ditu, beraz, hala egiteak onurak dakartza ingurumen aldetik eta baita ere aparkalekuak eta gainerako zoru publikoak beste erabilera batzuetarako libre uzten dituelako.

10.000 kilometrotik behera eginez gero, merkeago

Bizik azaldu duenez, auto baten gastu guztiak kontuan hartuta, urtean 4.700 euroko gastua du. Autoa partekatzea merkeago ateratzen da, urtean 10.000 kilometro baino gutxiago egingo dituenarentzat.

Proiektuan interesa izan dezaketen kideak biltzen ari da une honetan Bizi. Hemen adierazi dezakezu, kooperatibako kide izateko ideia gustuko baduzu.