argia.eus
INPRIMATU
Auto elektrikoak hornitzeko jarritako helburuak lortzea “ezinezkoa” dela aitortu dute gasolindegietako buruek
  • 2030. urterako autoen %15 erabat elektrikoa izatea aurreikusi badute ere, horiek hornitzea ez dela errentagarria izango nabarmendu du Espainiako Estatuko Gasolina-Zerbitzuguneetako Enpresarien Konfederazioko buru Nacho Rabadánek, Iruñean egindako bilkura batean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko irailaren 13a
Nafarroan 262 gasolina-zeerbitzugune daude, irudian Tuterakoa. Argazkia: Navarra Estaciones

Auto elektrikoen salmenta eta erabilera bultzaka datozela nabarmendu dute, hizki larriz, mundu osoko hedabide eta arduradun politikoek. Berrikitan, Energiaren Nazioarteko Agentziaren buru Fatih Birolek esan du petrolioaren munduko "eskaera gailurra" laster iritsiko dela, energia eolikoaren eta auto elektrikoen produkzioaren hazkuntzagatik –ekuazio horretan ordea ez du sartu peak oil edo petrolio gordinaren eskaintza gailurra, adituen arabera aspaldi jo genuena, 2005ean zehazki–.

Hala, teoria horren arabera, energiaren deskarbonizazioan eta trantsizio horretan giltzarri izango omen da auto elektrikoa. Baina gaur egun, elektrikoek oraindik apenas suposatzen dute automobil guztien %5 herrialde gehienetan, eta 2030. urterako %15 izatea aurreikusten da.

Haatik, garapen horrek muga asko dituela ikusten ari gara, eta ez soilik bateriak egiteko edo elektrizitatea lortzeko beharrezkoak diren mineral eta energia fosilen xahuketari dagokionez. Logistika ere ez dago bermatuta etorkizunera begira, auto elektrikoen errekarga lekuak errentagarritasun urrikoak izaten segitzen dutelako gasolindegien jabeentzat.

Nafarroako Gasolina-Zerbitzuguneen Enpresarien Elkarteak antolatutako jardunaldi batean, Iruñean, Espainiako Estatuko Gasolina-Zerbitzuguneetako Enpresarien Konfederazioko buru Nacho Rabadánek aitortu du "ezinezkoa" izango dela jarritako helburuak lortzea, horrek "frustrazioa" eragin arren herritarren artean.

Diario de Noticias egunkariak jaso ditu Rabadánen hitzak. Auto elektrikoa errekargatzera joaten den bezeroaren profil berezia nabarmendu du: eros ahalmen handikoa, "auto bakoitzeko batez beste 42.000 euro gastatu dituena" eta "ingurumenarekiko arduratsua". Baina profil hori, apenas dago gasolindegietan, eta errekarga gune publikoak martxan dauden denbora osoaren %4 baino ez dira erabiltzen: "Ezinezkoa da errentagarria izatea negozio pribatu batentzat".