Sortzaileen beharrizanei eta joera berriei erantzuteko, auto-ekoizpenerako egokitutako espazioa egongo da aurten Durangoko Azokan lehendabiziko aldiz.
Gehienez auto-ekoiztutako bi produktu dituzten sortzaile eta elkarteek eman ahal izango dute izena espazioan. Hala ere, baldintza horrek ez ditu baztertzen sorkuntza lanen bat enpresaren batekin argitaratu duten ekoizleak.
Produktuek Durangoko Azokaren araudiko eskakizunetara egokitu behar dute, auto-ekoizleak beste partaideen eskubide eta betebehar berberak izango baitituzte. Espazioa onartuak izango diren bost-hamar sortzaileek partekatu eta kudeatuko dute. Bakoitzak 277,83 euro ordaindu beharko ditu gunea alokatzearen truke.
Irailaren 15etik urriaren 15era izango da zabalik espazio berri honetan izen emateko aukera, gainontzeko editorial, diskoetxe, banaketa enpresa eta erakundeentzako bezala. Izen ematea Durangoko Azokaren webgunean egin behar da, lehendabizi bertan erregistratuta.