argia.eus
INPRIMATU
Autlan EMD enpresa zigortu du Eibarko Lan Arloko Auzitegiak elementu toxikoen gehiegizko eraginagatik
  • Eibarko Auzitegiak ebatzi du Oñatiko enpresan baimendutako maila baino 38 aldiz handiagoa zela langileek azido sulfurikoarekin edukitako kontaktua. Epaiaren ondorioz bi langileren kontratua eten egingo dute eta enpresak kalte ordainak ordaindu beharko ditu.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 18a
Autlan EMD enpresa zigortu dute elementu toxikoen babes faltagatik / Argazkia: LAB

Autlan EMD SLU enpresa (lehen Cegasa zena) zigortu du epaitegi batek langile bat azido sulfurikozko laino azidoen gehiegizko eraginpean izan zuelako. Zehazki, baimendutakoa baino 38 aldiz handiagoa zen lanpostu batzuek pairatzen zuten azidoaren eragina, LABek ohar baten bidez adierazi duenez. Eibarko Lan Arloko 1. Auzitegiak Oñatiko langile batek egindako demanda onartu zuen urriaren 14an, eta gaixotasun profesionala aitortu dio; laneko asma, hain zuzen ere. Hortaz gain, bi langileri onartu die kontratuen iraungitzea, eta kalte ordainak bere gain hartu beharko ditu enpresak.

ELA sindikatuak ere ohar batean jaso du ebazpenaren berri, eta salatu dutenez epaiak erakusten du enpresa urtez urte atzeratzen joan dela segurtasun neurriak bermatzeko erabakia. Enpresak 2017an egin zuen lehen azterketa, beranduegi, sindikatuaren iritziz,  “txostenean jasota dagoelako azido sulfurikoa funtsezko elementua dela enpresaren prozesu produktiboan”. Gainera, ez zituen aztertu kutsatuta egon zitezkeen gune guztiak, argudiatuz horietan ez zela kutsatzeko arriskurik.

Lehen azterketa hartan dagoeneko azido sulfurikoaren gehiegizko eragina identifikatu zuten arren 2018ra arte Autlanek ez zuen Norbere Babeserako Ekipamendurik (NBE) ezarri. Prebentziorako neurriak ez zirela egoerarako espezifikoak ere salatu dute, eta ez zirela arrisku zonalde guztietan ezarri. ELAk argudiatu du laino azidoa "inguru komun eta atseden guneetara ere” hedatuko litzatekeela. 2022an enpresako bost langileri aitortu diete lan gaixotasuna.