argia.eus
INPRIMATU
Austriako Gobernua ere igo da TTIP zalantzan jartzen duten erakundeen trenera
  • Alemania eta Frantziako gobernuetako kideek TTIPez egindako adierazpenen ostean, Austriaren txanda iritsi da. Bertako gobernuko bi kide esanguratsu EB eta AEBen arteko merkataritza askeko akordioaren aurka azaldu dira ordu gutxiko tartean; Christian Kern gobernuburuak dagoeneko adostuta dagoen Kanada eta Europaren arteko CETA ituna ere kritikatu du.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko irailaren 02a
Christian Kern Austriako gobernuburuak adierazi du TTIP transnazionalen boterea areagotzeko tresna izango dela (Arg.: Manfred Werner-CC BY SA).

Sozialdemokrazia eta eskuina koalizioan daude Austriako Gobernuan. Lehenbizikoetakoa da Christian Kern. TTIPez esan dituenak ez dira asko aldentzen hitzarmenaren negoziazioak hasi zirenetik haren aurka kalean dabiltzan aktibistek darabiltzaten argudioetatik. Funtsean, TTIP eta merkataritza askeko gainerako akordioak transnazionalen boterea handitzeko eta parte hartze demokratikoa ahultzeko tresna direla esan du Kernek.

Ildo beretik, EB eta Kanadaren arteko CETA hitzarmena kritikatu eta Austria sinatzeko prest ez dagoela esan du JKrnek. Kanadak eta Europar Batasunak iaz sinatu zuten akordioa, eta behin betiko berreste prozesua udazken honetan egiteko asmoa agertu du Bruselak, haren izaera juridikoari buruzko polemika betean. TTIPez gain CETA gaitzetsi duen lehen europar gobernua izan da Austriakoa. Antzeko aurrekari bakarretakoa Waloniako Parlamentuarena da; Kanadarekiko akordioaren aurkako erabaki bat onartu zuen apirilean.

Hain zuzen, merkataritza askeko akordioen aurka borrokan dabiltzanen aldetik mesfidantza zabaldu da egunotan TTIPen aurkako adierazpen instituzionalen aurrean, CETAren berrespen prozesua oharkabean igarotzeko amarrua izan litezkeelakoan. Esanguratsua izan da Viviane Reding Europako Batzordeko presidenteorde ohi luxenburgotarrak twitterrez zabaldutako mezua: Redingek TTIPen negoziazioak eteteko eskatzea eta eredutzat CETA hartzea galdatu dio Luxenburgoko Gobernuari. Akordioon aurkako kanpainen eragileek maiz azpimarratu dutenez, CETA indarrean sartzeak TTIPen ondorio berak izango lituzke de facto.    

Austriako Ekonomia ministro eta Alderdi Popularreko buru Reinhold Mitterlehner ere mintzatu da TTIPen negoziazioez. AEBetako presidentea aukeratzeko hauteskundeen ostean prozesu osoa berriro abiatu beharko litzatekeela adierazi du politikari eskuindarrak.