Eskandalu berean inplikatuta zegoen Pablo Zalba PPko eurodiputatu nafarra. Lau urteko kartzela zigorra jarri diote Ernst Stasser politikari austriarrari eskupekoak onartzeagatik.
Stasser Austriako alderdi kontserbadore popularreko kidea (OEVP) 2011ean diru truke Europar Batasuneko (EB) lege bati emendakinak egiten harrapatu zituzten lau eurodiputateutako bat da.
Pablo Zalba Nafarroako PPko eurodiputatuak ere Stasserrek bezala onartu zituen eskupekoak eskandalu berean, beheko bideoan ikus daitekeenez. Finantza inbertsioen inguruko lege europar bati zuzenketa aurkezteko prest agertu zen 100.000 euroren truke.
Europako Iruzurraren Aurkako Bulegoko ikerketak errugabetzat jo zuen Zalba.
The Sunday Times egunkariko erreportariek, finantza erakunde bateko ordezkari gisa jokatu zuten eta Europar Batasuneko legeei zuzenketak eskatzearen truke dirua emango zietela esan zieten hainbat eurodiputaturi.
Kartzela zigorra ezarri dioten Stasserrek salaketak gezurtatu zituen bere momentuan. Fiskaltzak berriz, Europako Parlamentuko legedian eragiteagatik 100.000 euroko ordainsariak eskatu zituela adierazi zuen.
Bere abokatuak helegitea jarriko duela adierazi du eta horren erantzuna jaso arte Stasserrek ez du kartzelara joan beharko.
Alexandra Maruna akusazioko kideak adierazi du Stasserrek “politikari europarrak kaltetu dituela” eta zigortu egin behar dutela funtzionario hautatuen konfiantzaz baliatu izanagatik.