argia.eus
INPRIMATU
Konfinamendutik irteteko urrats eta epeak jakinarazi dituzte
Austriak apirilaren 14an irekiko ditu 400 metro koadro arteko komertzio guztiak
  • Austriak astelehen honetan ezagutarazi du koronabirusagatiko konfinamendutik irteten hasteko egutegia. Behar-beharrezko produktuen saltokiak zabalik eduki dituzten bezala –Euskal Herrian dauden moduan–, datorren asteburuko jaiak pasata asteartean, 14, klase guztietako komertzioek ireki ahalko dituzte beren ateak 400 metro karratu baino gutxiagokoak izanez gero. Eta hortik aurrera joango dira gainerako jarduera guztiak epeka normaltzen. Austria da Europan Covid-19 testak modurik orokortuenean erabili dituen herrialdea, horrekin batera kaleko harremanetarako herritarren artean maskara eramatea arau bihurtuz, eta ondorioz positibo ofizialen eta heriotzen arteko proportzio apalena lortu duena.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2020ko apirilaren 06a
Behar-beharrezko dendak Austrian ere zabalik daude konfinamendu garaian, baina maskara janztea arau bihurtuta.

Sebastian Kurz kantzilerrak astelehenean esan eta Reuters agentziak zabaldu duenez, Austriak dagoeneko erabaki du heldu den astean komertzio txiki guztia gehi brikolage-almazenak irekitzea eta horrekin abiatzea herritarrei ezarritako konfinamenduaren amaierarako bidea. Austriak neurriak beste herrialdeek baino lehen hartu zituela eta herritarrek konfinamendua ongi errespetatu dutelako dela posible hori esan du Kurzek.

Ekonomiaren izotzaldia epelarazten hasita, hamabost egun beranduago, maiatzaren 1ean baimenduko zaie berriro ateak irekitzea 400 metro karratu baino handiagoko saltoki eta merkatal guneei. Ondoren, maiatzaren erdi aldean iritsiko zaie irekitzen hasteko txanda hotel eta jatetxeei. Ekainaren azkenera arte itxaron beharko dute jendetzak biltzen dituzten festa, kontzertu eta bestelako antolakizunek.

Joan den ostiralean, apirilak 3, Kurzek austriarrei eskatu zien urruntze sozialerako neurriekin jarraitzeko eta Bazko oporrak senide eta lagunen bilera handiekin ez ospatzeko. Hitzok nabarmendu zituen Austriako legebiltzarraren aurrean egindako agerraldian: 33 urteko lehen ministroa beti aurpegiko maskara jantzita agertu zen, hitzaldiaren aurretik eta ondoren, Bloomberg-ek jaso duenez.

Herritarrak argi eta garbi ohartarazi zituen: "Ez ditzagun ondorioak arinegi atera, zantzu positibo batzuk badaudelako. Hitzematen dizuet zenbakiek berresten badituzte zantzu horiek, ahal dugun guztia egingo dugu pausoz pauso normaltasunera itzultzeko". Igandea, apirilak 5, jarri zuen konfinamendutik irteteko plana berresteko hurrengo mugarritzat eta hori pasaturik, gaur zehaztu ditu hurrengo epeak.

Austria izan zen eskolak eta dendak ixten lehenetakoa, Alpeetako eski estazio batzuetan koronabirusa azaldu ondoren. Joan den astelehenean, martxoak 30, maskarak janztea derrigorrezko arau bihurtu zuen eguneroko erosketak egiteko. Covid-19 eraman zezaketenei testak egiteko programa ere jarri zuen abian. Hori zertan mamitu den hobeto ulertzeko, ikusi apirilaren 5ean Austriak erakutsitako bi datuok: apirilaren 5a arte Covid-19ak eragin ditu 11.934 kutsatu ofizial eta 204 hildako, beraz, kutsatuen %1,7 hil dira. Konparaziorako, egun berean Euskal Herrian zenbatu ziren 11.184 kutsatu ofizial eta 693 hildako, kutsatuen %6,2 hil dira, Austriakoak bider 3,6.

Austriako hedabideak ari dira nabarmentzen ekonomiaren izoztea epeka jasotzearekin batera, herritarren konfinamendua luzatuko dela maiatz hasiera arte eta maskararen erabileraren derrigortasuna zabalduko dela irekitzen joango diren zerbitzu guztietara.

Sebastian Kurz Austriako Alderdi Popularreko kidea da eta Ekologista Berdeekin koalizioan gobernatzen du Vienan.