argia.eus
INPRIMATU
Australian jatorrizko herritarrak Konstituzioan aitortzeko erreferenduma egingo dute
  • Proposamenaren arabera, Herritarren Ahotsa taldeak ekarpenak egingo ditu aborigenen eta Torres Itsasarteko Irlen inguruko gaietan. Azken 50 urteetan ez da aldatu Australiako Konstituzioa.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 24a
Haurrak, aborigenen banderari helduta. (Argazkia: Getty images)

Australian erreferenduma egingo dute jatorrizko herritarrak Konstituzioan aitortuak izan ala ez erabakitzeko. Azken 50 urteetan lehen aldiz aldatuko litzateke Konstituzioa, baiezkoa aterako balitz. 

Proposamenaren arabera, Herritarren Ahotsa taldeak eskumena izango du ekarpenak egiteko aborigenen eta Torres Itsasarteko Irlen inguruko gaietan. Hala ere, Parlamentuak Ahotsaren osaeraren funtzioen, eskumenen eta prozeduren inguruan erabakiak hartzeko ahalmena izango luke.

Uluru Bihotzaren Adierazpena

Herritarren Ahotsa taldea sortzeko proposamena 2017an egin zuten lehen aldiz, 250 buruzagi indigena baino gehiagok sinatutako Uluru Bihotzaren AdierazpeneanDioenez, Australiako indigenek "ezintasuna" sentitzen dute egiturazko arazoei aurre egiteko. Arazo horien artean daude, besteak beste, indigenek gainerako australiarrek baino bizi-itxaropen laburragoa izatea, osasun- eta hezkuntza-maila eskasagoak eta espetxeratze-tasa handiagoak. 

Uluruko Adierazpena sinatu zuen Prog Megan Davisek honakoa adierazi zuen: "Indigenak ez diren pertsonek inoiz bisitatu ez dituzten eta ezagutzen ez dituzten komunitateei buruzko erabakiak hartzen dituzte".

Oraindik ez dute Parlamentuan eztabaidatu proposamena. Aurreikuspenen arabera, Parlamentuak ekainean bozkatuko du, eta onartuz gero, erreferenduma irailetik aurrera izango da. Australiako Anthony Albanes Australiako Lehen Ministroak ostegunean adierazi zuen aldaketa "garrantzitsua" eta "oso erraza" izango litzatekeela.

Aldaketaren forma, zehazteke

Konstituzioaren aldaketak zein forma hartuko lukeen ere ez dago argi. Proposamen baten arabera, kontsulta-organoak 24 kide izango ditu: estatu eta lurralde bakoitzeko ordezkariez gain, Torres Itsasarteko Irlako eta urruneko aborigenen ordezkari bana. Uluruko Adierazpenak eskatzen du batzorde bat osatzea, indigenen historiaren inguruko tratuak egiteko eta "egia kontatzeko prozesua" gainbegiratzeko.

Inkesten arabera, australiarren hiru laurdenek baiezkoa bozkatuko lukete. Aldaketa egiteko, Australiako sei estatuetatik gutxienez lautan irabazi beharko luke baiezkoak.