16 urtez azpikoek laster ezingo dute sare sozialik erabili Australian, eta antzeko neurriak ezarri nahi dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek ere. Neurriaren eraginkortasunaz, sare sozialetako eduki eta dinamikez, pribatutasunaz eta plataforma handiek honetan guztian duten arduraz, hainbat gako jaso ditugu.
“Sare sozialak gure haurrak kaltetzen ari dira eta amaiera jarri nahi diot horri”, adierazi du Anthony Albanese Australiako lehen ministroak. Legez, 2025eko urte amaieratik aurrera herritarrek ezingo dute 16 urte bete arte sare sozialen erabiltzaile izan.
Nahiz eta batzuek dioten debekua ez, heziketa digitala dela bidea, sare sozial guztiek onartua dute beren funtzio eta dinamiketako batzuk desegokiak direla adin txikikoentzat. Sortzen duten menpekotasunaz, oraindik guztiz heldu gabe dauden garunetan duten eraginaz… dagoeneko luze-zabal irakurriko zenuen ziurrenik, mugikorra izateko adina atzeratzeko mugimenduek lehen planora ekarri baitute auzia.
Aditu asko dira muga 16 urteetan jartzen dutenak, teknologia hauek erabiltzen hasi ahal izateko. Are gehiago, sare sozial ezagun ugarik, hasiera batean, 16 urtetan zuten jarrita gutxieneko adina, baina inork ez zuen errespetatzen, eta denborarekin jaitsi egin dute erabiltzailearen gutxieneko adina: gaur egun, TikTok, X eta Twitch erabiltzeko gutxienez 13 urte behar dituzula ezarria dute plataforma horiek, eta Instagramek 14 urtetan du jarria gutxieneko adina.
Egiaztatze sistema erridikulua erabili ohi dute plataformek: “Hainbeste urte dituzu?”. Sinadura edo NAN digitala moduko sistemak proposatu dituzte batzuek, baina pribatutasunerako eskubidearekin talka egiten dute
Adin muga edozein dela ere, egiaztatze sistema erridikulua erabili ohi dute plataformek: “Hainbeste urte dituzu?” galderari gezurra erantzutearekin aski du erabiltzaileak, edozein edukitan sartzeko eta edozein kontu sortzeko. Sinadura edo NAN digitala moduko sistemak proposatu dituzte batzuek, baina pribatutasunerako eskubidearekin talka egiten dutela gogoratu du beste zenbaitek. Gurasoak kontrolatzen jartzen dituen ereduaren aldekoak ez dira gutxi (mugikorretan gurasoen kontrol sistemak derrigorrezko izan daitezela jasotzen du, adibidez, Espainiako Gobernuak prestatu duen lege aurreproiektuak). Eta gero eta ahots gehiago dira diotenak eskaintzen diren edukietan, pop-up leiho iruzurtietan, algoritmoetan… muga jartzera behartu behar direla plataformak.
Ardura (eta isunak) plataformen gain
Ildo horretan, Australiako neurriaren gauzarik interesgarrienetakoa da jomugan ez dituela erabiltzaileak jartzen, ez haurrak, ez gurasoak, baizik eta sare sozialetako plataformak. “Niri agertzen zaizkit ikusi nahi ez ditudan gauzak, pentsatu dezagun berdin gertatzen ari zaion 14 urteko haur zaurgarri horrengan. Plataformei mugak jarri behar dizkiegu, eta sare sozialetan sartzea galarazteko neurriak hartzen ari direla frogatzeko ardura plataformen gain egongo da, ez guraso eta gazteen gain”, azaldu du lehen ministroak. Alegia, isunak plataformentzat izango dira, ez erabiltzaileentzat. Hain justu, askok uste du plataformei eurei eskatu behar zaiela ardura, beraien sare sozialetako eduki desegokien inguruan eta darabiltzaten algoritmoen inguruan. Bide horretan, Irlandak legea onartu berri du, Google, Meta eta ByteDance bezalako konpainiei debekatzeko sare sozialetan erabiltzaileentzako “eduki kaltegarria” argitaratzea (jazarpena, gorrotoa, biolentzia edota elikadura nahasmendua bultzatzen duten edukiak, sexu gehiegikeriak, arrazismoa, xenofobia...).
"Niri agertzen zaizkit ikusi nahi ez ditudan gauzak, pentsatu dezagun berdin gertatzen ari zaion 14 urteko haur zaurgarri horrengan. Plataformei mugak jarri behar dizkiegu"
Australiaz ari gara, baina herrialde gehiago ari dira sareko eduki desegokiei muga jarri nahian. Euskal Herriari dagokionean, Frantziako Gobernuak iaz proposatu zuen sare sozialak 15 urtez azpikoei debekatzea, baina gurasoen baimenarekin sartu daitezke adin horretatik beherakoak ere; Espainiako Gobernuak berriz, lege aurre-proiektua du martxan Australian bezala sare sozialak 16 urtetik beherakoei debekatzeko, baina gurasoen baimenarekin sartu ahalko lukete adin txikiagokoek ere (Australian ez).