argia.eus
INPRIMATU
Australiako selekzioko emakume eta gizon futbolariek soldata bera izango dute
  • Gizonezkoek soldata handiagoa jasotzen zuten orain arte, baina orain bi taldeetako jokalariek diru kopuru berbera jasoko dute, Australiako Futbol Federazioak jakinarazi duenez.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko azaroaren 14a
Australiako futbol taldeko neskak, partidu batean gola ospatzen. Irudia: FFA

2019-2020 denboraldian hasita, datozen lau urteetan gutxienez soldata bera izango dute Australiako talde nazionalean jokatzen duten neskek zein mutilek. Australiako Futbol Federazioaren (FFA) esanetan, akordioak "futbolean genero arteko desberdintasunari aurre egiteko determinazioari heltzen dio. Erabaki honek, futbolari guztien soldaten egituraketa taldearen lorpenen araberako sisteman oinarritzean datza".

Horrez gain, haurdun geratzen diren emakumeei erraztasunak eskaintzea du hurrengo helburu Federazioak. Jakina da haurdunaldia igaro eta gero, emakumeek zailtasun handiagoak dituztela ibilbide profesionalari berrekiteko. FFA-k zailtasun horiei aurre egiten lagunduko diela esan du.

AEBetako emakumeak haserre

Bestalde, Munduko txapeldun den AEBetako taldeko emakumeetako batzuek salaketa jarri diote herrialdeko federazioari, gizonen taldeak baino soldata eta baldintza eskasagoak dituztela eta. Mutilen taldea ez dago munduko hoberenen artean, eta hala ere diru gehiago jasotzen dutela jakinarazi dute.