argia.eus
INPRIMATU
Australiako lehen ministroak Julian Assange askatzeko eskatu du
  • “Nahikoa da”, esan du Anthony Albanese Australiako lehen ministroak Democracy Now!-ko albistegian, eta eskatu du Julian Assangeren kasua bertan behera uztea. Wikileaks-en fundatzaileak lau urte daramatza Londreseko Belmarsh kartzelan, estradizioaren zain AEBetan epaitua izateko, azken horiek Iraken eta Afganistanen egin zituzten gerra krimenen dokumentuak argitaratzeagatik.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 08a

Australian geroz eta politikari gehiago daude Assangeren kasua bertan behera uztearen alde. Jen Robinson, bere aholkulari legala 2010etik, epaiketa horrekin jarraitzea “munduko adierazpen askatasuna mehatxatzen" duela dio, prentsa askatasunarekin batera. Australiako lehen ministroak asteartean egin ditu adierazpenak Assange askatu dezaten eskatuz, eta kasuari amaiera emateko bide diplomatikoak erabiltzeko prestutasuna agertu du. Australiako biztanlearen gehiengoak dago Assangen espetxealdiari irteera bat ematearen alde, eta eremu politikan lehen ministroak zein oposizioak adierazi dute desio bera.

Robinson abokatuak esan duenaren arabera, Estatu Batuetan Assangek irekita duen kausak ez du indarrik, FBIk informazio berririk ez duelako lortu, eta ikerketak ez duelako, hortaz, heldulekurik.

Estradizio eskaeraz eta epaiketaz aparte, Assangeren talde legala beste hainbat kasutan ari da lanean: Erresuma Batuko Gobernuaren aurka, Estatu Batuetako Gobernuari legez kanpoko informazioa emateagatik; CIAren aurka; eta Espainiako UC Global enpresaren buruaren aurka –Ekuadorreko enbaxadan segurtasunaz arduratzen zen enpresa, Robinsonen arabera CIAri informazioa eman ziona. Legez kanpoko espioitzan Espainiako Polizia ere inplikatuta dagoela dio abokatuak.

Biden presidentearen administrazioak karguak bertan behera utziko dituela espero du Robinsonek. Kasuak ezartzen duen aurrekaria arriskutsua dela dio aholkulariak, munduko osoko prentsa eta adierazpen askatasuna mehatxatzen baititu. Assange Australiara bueltatu dezatela eskatzen du bere defentsak.