Britaniarren kolonialismoaren aurka egin dute, ekintzaile aborigenek inbasioaren eguntzat hartzen baitute. Melbournen hainbat monumentu kaltetu dituzte, esaterako, James Cook kolonizatzaile ingelesaren estatua.
Urtarrilaren 26a izendatua du gobernuak Australiako Egun Nazionala. Ospakizunak ohikoak dira, baita protestak ere, Australiaren Eguna abolitu lelopean. Milaka pertsonak, horietako askok bandera aborigenekin, hartu dituzte Australiako hainbat hiritako kaleak, britainiarren kolonizazioaren aurka egiteko. Ekintzaile askoren ustez, egun horretan hasi zen indigenak beren lurretatik diskriminatzeko eta kanporatzeko aroa.
1788ko urtarrilaren 26an lehen preso britainiarrak Australiara iritsi ziren, eta lehen kolonia ezarri zuten. Ekintzaile indigenek inbasioaren eguna gisa ikusten dute, eta ez dutela ezer ere ospatzeko diote. Ordutik, sexu gehiegikeriak, aborigenen lurrak lapurtzea, beren kulturak suntsitzea eta hiru mendetan, bere lurretan bigarren mailako herritar gisa tratatzea salatzen dute.
Melbournen, esaterako, errepideak eta tranbia-lineak lau ordu baino gehiagoz egon dira itxita. Aurten ere, Australiako iragan koloniala irudikatzen duten monumentuen aurka egin dute. James Cook kolonizatzaile ingelesaren estatua bat gorriz margotu dute, eta “kolonia eroriko da” dioten mezuak idatzi dituzte. Melbourneko Victoria erreginaren estatua ere pintura gorriz margotu dute, besteren artean.