argia.eus
INPRIMATU
Oskar Groening Auschwitzeko atezainari 300.000 hilketatan konplize izatea leporatu diote
  • “Erregimen naziari etekin ekonomikoa ateratzen lagundu zion, eta hilketa sistematikoak babestu zituen”, dio Hannover hiriko prokuradoreak. 93 urteko Oskar Groeningi buruz ari da, "Auschwitzeko atezaina", Alemaniako ikertzaile federalak ikertzen ari diren 30 nazi ohietako bat.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 16a
Umeak Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan (argazkia: Getty images)

Groening kontzentrazio-esparruko biktimei lapurtutakoa gordetzeaz arduratzen zen. Akusazioaren arabera, kontzentrazio-esparruak funtziona zezan lagundu zuen 1944ko maiatzetik ekainera.

Epe horretan Hungariako 425.000 judu baino gehiago eraman zituzten hara, eta 300.000 inguru hil zituzten gas-ganberetan. Hilketen konplize izateaz gain, nazientzat dirua biltzea ere egotzi diote. Zaindari ohiak bere burua defendatu du esanez "basakerien" lekuko izan zen arren, ez zuela krimenik egin.

Groeningena izan da Hannoverren egin dituzten lau ikerketatik aurrera egin duen bakarra: Kasuetako bat itxi zuten susmagarria hil eta gero, eta beste biak atzeratu susmagarrien osasun arazoengatik.

Thomas Walther, Groeningen kasuan auzi-jartzaile diren Auschwitzeko 20 biktimen eta haien familien ordezkariak adierazi du hau dela beraien azken aukera “beren senideen hilketetan parte hartu duen SSetako gizonetako bat justiziaren aurrera eramateko”.