argia.eus
INPRIMATU
Ausa Gaztelu mendiko pista sarea galarazi nahi dute Aralar Bizirik eta Naturkonek
  • Abaltzisketako Egido mendi publikoko izei eta pago landaketa eremuetan baso lanak egitea eta artzainen lana erraztea da pisten xedea foru aldundiak arrazoitu duenez

Goierriko Hitza @goierriHitza A. Vierbücher 2022ko uztailaren 21

Aralar Bizirik plataforma eta Naturkon Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Larraizko langan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza nagusiak Aralarren, Abaltzisketako lurretan, Ausa Gaztelu mendiaren magalean pista sarea eraikitzeko proiektua egin nahi duelako kezkatuta. Pista horren helburua da, Albatzisketako Egido mendi publikoko izei eta pago landaketa eremuetan baso lanak egitea. Talde ekologisten izenean Edurne Huesak salatu du, «%90 eremu babestuan» egin nahi dituztela pistak, eta kalte «handiak» sortuko dituztela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere webgunean argitaratu zuen uztailaren 5ean, pista horiek eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko kontsulten izapidea hasi duela. Ekos Estudios Medioambientales S.L.U. enpresak osatu duen txostena ere irakur daiteke bertan, eta iradokizun eta ekarpenak aurkezteko hilabeteko epea egongo da.

Txostenaren arabera, proiektuaren xedea, 5. eta 6. unadetako baso masetan baso lanak egingo dituzten lanak burutzeko bi eremuetara sarbidea eta lanak egitea ahalbidetuko duen pista-sare bat egitea da, momentu honetan dauden azpiegiturak ez direlako nahikoa burutu nahi dituzten lanak egiteko. Bestalde, basoen kudeaketa ahalbidetzeko helburuaz gain, proiektatutako pistek aukera emango dutela Abaltzisketa udalerriko artzainen lan baldintzak hobetzeko.

Alternatibak

Honen aurrean, bi talde ekologistetako ordezkariek «harridura eta haserrea» adierazi dituzte. Ez dute ulertzen, «Gipuzkoako Foru Aldundia, natur parkeen kontserbazioaren ardura duen erakundea, nola ari den natur kontserbazioaren aurka etengabe; kontrolik gabeko desbrozeak, Arastortzeko sutean baliabide nahikorik ez eta ekosistemari egindako kalteak kontuan izan gabe, faunarentzat kaltegarria den Arkaka txikiko kanala, eta berriro ere, babes eremuan pista berriak proiektatuz…».

%90 natur parkean

Gaineratu dute, pista sare honen «% 90a» natur parkeko babes barrutian dagoela, eta hura babesten duen legediaren arabera, «pistetatik kanpo, berez ibiltzen den makineria astunarekin lan egitea debekatzen da, lurzorua eraldatu dezaketen lan guztiak debekatzen dira aldaketa zuloak egiteko eta sarbideak iraunarazteko lanak salbu, eta egur materialak menditik ateratzeko, kablea edo lurzoruarentzat inpakturik ez duen antzeko erabideren bat erabiltzea ezinbestekoa izango da».

Garbi dute, proposatzen dutena «gaur egun egingarria» dela, «beste leku batzuetan egiten ari den bezala».

Proiektuarekin desadostasuna ere, pista sarea justifikatzeko txostenak esaten duelako abeltzainek ezin dituztela Txindoki eta Ausa Gaztelurako oinezko bideak erabili, mendizale asko eta txakur solteak dabiltzalako. Baieztapen horrekin, mendizale eta abeltzainen artean izandako bizikidetza ona gutxiesten dela diote Aralar Bizirik eta Naturkoneko kideek.

Gogoratu dute, «guztiona den mendian, elkarbizitza ezinbestekoa» dela, eta txakur solteen aurrean, «neurriak hartzea erakundeei dagokiela». Uste dute, «aitzakia» bat dela, «ganaduzaleentzat pistak irekitzeko».

Kalte «handiak»

Pistak eraikitzeak «lurzoruaren higadura» gehiago sortuko duela, eta horregatik, «eremu horretako %12a gutxienez galduko» dela diote. Gainera, ohartarazi dute, eremu horretako lur azpia komunikatuta dagoela Zaldibiako Osinbeltz iturburuarekin eta pista proiektuak kutsadura areagotzea ekar dezakeela zaldibiarrentzako ur edangarrian.

Faunari egingo dion kalteez ere mintzatu dira, «ez da kontuan izan galtzeko arriskuan dagoen baso saguzarra». Eta zuhaiztiari dagokionez, adierazi dute «lotsagarria» dela ingurumen eraginen txostena egin duen Ekos enpresak, Txindoki eta Ausa Gaztelu iparraldeko magaletako basoak, «masa hetereogenea eta zaharkitutzat hartzen dituela, Aralarko baliabideen planean balio ekologiko handiko ekosistematzat hartzen direnean».

Laburbilduz, «beste astakeria baten aurrean» gaudela diote, eta hori gelditu nahian, iragarri dute aurki publiko egingo dutela proiektu honen inguruko balorazio negatiboa, ingurumen txostena ontzat ez emateko eskatuz. Aralar mendiarekin lotura duten elkarte eta pertsona ezberdinei eskatzen diete, balorazio hori bidal dezatela Gipuzkoako Foru Aldundira, abuztuaren 7a baino lehen, «aldundiak ikus dezan gipuzkoarrok Aralarko parke naturala kontserbatu nahi dugula».

Bestalde, kexu dira, aldundiak publiko egin duen dokumentazioa gaztelera hutsean dagoelako. Era berean, iragarri dute irailaren 18an mendi ibilaldia egingo dutela Gazteluko eremu horretara zein Saltarrira, natur kontserbaziorako lanak ikusteko.