argia.eus
INPRIMATU
Aurtengo udalekurik ez egotearen alde agertu da Eudel
  • Eudel EAEko udalen elkarteak ez ditu onartu Jaurlaritzak kultura, festa eta aisialdiko ekintzetarako proposatutako irizpide gehienak. Osasun berme handiagoak behar direla argudiatu du, eta Jaurlaritzak ezarritako irizpide gutxi batzuk bakarrik onartu ditu; horien artean, udalekuak bertan behera uztearena.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 15a
Bertso Udalekuak 2018 Zuhatza.

Bigarrenez egin die uko Eudelek Eusko Jaurlaritzaren irizpideei. Azkeneko batzarrean Eusko Jaurlaritzak ekainaren 1a proposatu zuen “Euskadiko uda kulturala” hasteko egun bezala. Orduan museoak, gune kulturalak, liburutegiak, irakurketa gelak, zineak eta ekintza kulturalak egiten hastea aurreikusi zuen. Horretarako Osasun sailak garatutako txosten bat aurkeztu zuen, ekintza horiek “segurtasuna eta osasuna zaintzen zuten baldintzetan” gauzatu zitezen. Irizpide komunak onartuz gero, erakunde bakoitzeko arduradunen esku utzi zuen erabakiak hartzea.

Eudelek osasun txosten sakonago bat eskatu zuen eta asteartean jaso zuen. Hala ere, nahikoa ez dela eta irizpide gehienak atzera bota ditu. Ostegunean egindako bileran ezezkoaren alde agertu ziren Eudel osatzen duten udalerrietako alkate gehienak: EH Bildukoek eta PSEkoek, guztira zazpi, eta EAJko batzuek ere irizpideen aurka egin zuten. Maila horretako erantzukizuna udalen esku ez dagoela argudiatu zuten.

Hala ere adostasuna lortu zuten eta zenbait neurri onartu zituzten. Hala nola, irailaren 15a bitarte antolatzen diren kultur ekintza guztietan 250 pertsonako muga jartzea, eserita eta gutxienez 1.000 metro karratuko leku batean antolatzea. Udalekuak ez egitea aho batez onartu zuten, eta liburutegiak eta auditoriumak izan ezik, gainontzeko udal azpiegitura guztiak itxita mantentzea. Dena den, berrikusteko aukera izatea onartu dute.

Horrez gain, udal teknikari batzuen artean lantalde bat eratzea ere onartu dute; horiek Eudeleko zuzendaritzarekin batu eta proposamenak egiteko. Oraindik ez dute datarik jarri lantaldea eratzeko edo bilerarako.