Hendaian ziren egitekoa 15. edizioa, martxoaren 23an. Egun osoko egitaraua antolatu dute zenbait hitzaldi, mahai-inguru, aurkezpen eta tailerrez osatuta. Ipar Euskal Herrian Frantziako gobernuaren erretreten erreformaren aurka deitutako greba orokorrak ekarri du erabakia.
14 eta 20 urte arteko gazteek hizkuntzarekin duten harremana izango da ardatz aurtengo Soziolinguistika Jardunaldietan. Apirilaren 25ean egingo dute 15. edizioa, Hendaiako Gaztelu aretoan. Soziolinguistika Klusterrak zenbait hitzaldi, aurkezpen, tailer parte hartzaile eta mahai-inguruez osatutako egitaraua antolatu du Eusko Jaurlaritzaren, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Hendaiako Herriko Etxearen laguntzarekin.
Jardunaldien antolatzaileek azaldu dute gazteen hizkuntza errealitatean erreparatu baino lehen "ezinbestekoa" dela gazteen bizimodua aztertzea. Hots, talde bezala dituzten ezaugarriei erreparatu, eta pertsona bezala dituzten ohiturak, harremanak eta pentsaerak behatzea. Ondoren, euskararekin duten harremanari erreparatzerakoan, hizkuntza-gaitasunak, hizkuntza-praktikak eta hizkuntza-ideologiak aztertzea litzateke hurbilpenerako bidea. Honen inguruan hausnartzeko parada izango da ostegunean.
Jardunaldietan, soziolinguistika ikerlari, teknikari, erakunde-arduradun, irakasle euskararen aldeko zenbait ekintzailek hartuko dute parte. Goizean Ipar Euskal Herriaren datu soziolinguistikoez arituko da Eneko Gorri, Plazara Kooperatibako kidea. Ondoren, gazteen gaineko zenbait ikerketaren gakoak plazaratuko dituzte Miren Artetxe eta Maialen Iñarra ikerlariek. Bazkalaurretik, euskararen aldeko zenbait mugimenduk osatutako esperientzien bideo-bilduma bat emango dute, eta ondoren talde-ariketa bat egingo da.
Bazkalondoren, gazteei hartuko dute hitza: mahai-inguru batean euskararekiko profil ezberdina duten bost gaztek hitz egingo dute. Eguna bukatu aurretik, Jaime Altuna EHUko irakasle eta antropologoak gazteen hizkuntza-ideologiaz hitzaldia emango du.