argia.eus
INPRIMATU
Aurtengo Lurrama Arbonan izango da, okupazioaren garaipena ospatzeko
  • Lurzaindiak eta ELBk jakinarazi dute Arbonaren okupazioa urriaren 24ean amaituko dela, eroslea erretiratzea lortu baitute. Urriaren 24ak, okupazioaren 120garren eta azken eguna markatuko du eta bertan egingo da 2021eko Lurrama berezia.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 19a
Argazkia: Enbata.

Lurramak honela aurkeztu du aurtengo edizio berezia: "Gehienetan, lurra euskarri gisa hartua da: gure bideak, tren bideak, lan eremuak edo etxeak eraikitzeko, eta gero eta gehiagotan, aberats batzuen plazerrarendako. Hori gertatu behar zen Arbonan, 15 hektareko lurretan. Lur bereganatze forma horrek ELB eta Lurzaindiako laborariak ASKI erratera eraman ditu ekainaren 23an. Geroztik okupazio luzea iragan da eta 4 hilabeteren ondotik, urriaren 24an geldituko da Lurramarekin".

Aurtengo edizio berezian, Gure lurra, gure jatekoa hautatu dute lema gisa: "Gure etxetik hurbil dena jaten badugu, bioaniztasun landatua eta bertako arrazak babesten ditugu, energia aurrezten dugu, besteak beste garraioak tipituz. Burujabetzarako bidea hartzen dugu ere, gaurregun pairatzen dugun sistema liberala eta kapitalistak munduko beste puntan merke ekoiztuak diren elikagaiak kontsumitzera bultzatzen gaituztelarik. 2020ko martxoan pandemia hedatu delarik, halako dependentziaren mugak eta lanjerrak ikusi ahal izan ditugu. Eskasaren beldurrez supermerkatuetako apalak husten zirelarik, kontsumitzaileak ohartu dira haien etxe ondoan ekoizleak bazirela eta desberdinki kontsumitzen ahal zela. Horregatik, lurra da babestu behar dugun baliabidea. Ez da bukaezina, eta lurra behin artifizializatu eta, ez da sekulan laborantzara itzuliko, ez da gehiago hazkurri emaile izanen! Eta segitzen badugu artifizializatzen, ez gira halere jatetik geldituko. Beraz, gure janaria beste leku batean ekoiztuko da, leku hortako jendeek berriz beste toki bateko ekoizpenak kontsumituko dituztelarik".

2050erako zenbat nekazaritza lur behar diren azaltzen duen lana aurkeztuko dute Lurraman

Iparraldean, 2015etik 2018ra 2.450 hektarea laborantza lur baino gehiago galdu dira, Saferen datuen arabera. EHLGk egindako lan baten arabera, epe horretan emendatu den jende kopurua elikatzeko, 6.000 hektarea laborantza lur behar ziren. Lurraman aurkeztuko dute 2050eko lur beharrak zein diren azaltzen duen lana, garatzen den biztanlegoaren elikadura beharrak oinarritzat hartuz. Lan honetan bi elikadura mota aztertuko direla iragarri du Lurramak: "Alde batetik, gaur egun duguna eta bestetik osasuna, ingurumena, klima babesten duen eta defendatzen dugun laborantza ereduaren arabera, izan behar genukeena".

Elikadura burujabetza bermatzeko, gazteei lurra eskuratzen lagundu behar zaiela aldarrikatu du Lurramak: "Uste dugu Euskal Herriak elikadura burujabetzara joan behar duela, lurra babestu behar dugula bere elikatzeko funtzioa bermatzeko, eta orain baino barazki, lekadun eta fruitu gehiago ekoiztu beharko dugula. Horretarako, laborari gazteak plantatzen lagundu beharko ditugu, ez bortxaz laborari seme alabak, baina laborantza mundutik at direnak ere. Gazte horientzat lurra eskuratzea oztopo handia da. Gaurko aukerek, bakarrik edo kolektiboki eginik ere, lurraren bilakaeran eragina ukanen dute eta ondorioz gure elikaduraren etorkizunean!".

Urte berezia, formula ezohikoa

ELB eta Lurzaindiak Arbonan aurrera eraman duen borrokari sustengua adierazteko, Lurramak aurten bere eguna Arbonara lekualdatu du. "Urriaren 24a bataila baten bukaera ospatzeko data garrantzitsua da, eta gure publikoa harat eraman nahi genuke. Lurramaren banderola batean lurrari buruz irakur daiteke: behin saldua, betikotz galdua. Aurten, Arbonakoa ospatuko dugu, espekulazioaren errotaren petik salbatu duguna".

Enbata-n irakur daitezke bertara autobusez joateko, etxetik edalontziak eramateko eta Arbonan banketxerik ez dagoela oroitarazteko antolatzaileek eman dituzten oharrak.