argia.eus
INPRIMATU
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri
  • ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.

ARGIA @argia 2024ko abuztuaren 30a

Giza zarata

Anari

Tristuraren industria, 2024

38 minutu

Anariren lan berria irensteko gose zena erabat asebeteta uzteko moduko diskoa atera du azkoitiarrak. Troiako zaldia-rekin hasita, ekosistema sentsorial batean sartu gaitu, eta Giza zarata-ren azken notak apurka isildutakoan ere atmosfera horretan harrapatuta utzi. “Garaiaren sentsazio bat” transmititu nahi izan du Anarik, tesirik esplikatu gabe; ederki asmatu du hitz konplexu askorik gabe aro arraro hau zorrotz kontatzen. Beldurraren narrazio konpartituak eskaini dizkigu, beste behin, eta zaratatik gutxi duten eta espazio osoa betetzen duten instrumentuak bikain josi dizkio parekorik ez duen ahotsari. Leire Artola Arin

* * * * * * * * * *

Negu Gorri

J Martina

Balaunka, 2024

24 minutu

Paktua abestiarekin aurkeztu zuten diskoa, eta hala esan zidan lagun batek kanta entzun zuenean: “Uf, ederki sartuko da hau udan!”. Halaxe da; kizomba erritmoak eta autotunea nahastuta, infernuan deabruarekin dantzan ibiltzeko moduan. Baina Negu Gorri du izena diskoak, eta abesti dantzagarriak bai, baina neguko hotza bezala barrura sartzen direnak ere baditu J Martina taldearen azken lanak. Letra zorrotzak lagun, ohi duten bezala. Uda eta negu, buklean entzuteko horietakoa, zalantzarik gabe. Eneritz Arzallus Alustiza

* * * * * * * * * *

Ubera

TikTara

Autoekoizpena, 2024

28 minutu

Gaur ere bihotzean al dun tarrata? Begiak berriz hasi zaizkin ttanttaka... Hitz horiekin hasten da diskoko lehen abestia, Axuri preto, eta bis dotorea koroekin gero. Letra leitzeak tristura eragin badezake ere, ez du horrelakorik talde honek... Eutsi apustuari: entzuten jartzen dena ezetz geldirik geratu. Ze, joño, a zer salsa datorren kostaldetik. Kantauriko kresalaren eta hego haizeak dakartzan soinuen konbinazioa omen, munduko musiken eragina ere, marimba, klarinetea, saxo tenorra, charangoa... eta denetarik. Mugitu gerriak!. Gorka Peñagarikano Goikoetxea

* * * * * * * * * *