Bilbon abenduaren 3an jokatu zen azken finalaurrekoa. Bertan Amets Arzallus izan zen puntu gehien batu zituena, eta soilik puntu bat gutxiago jaso zituen Aitor Mendiluzek. Finala erabakita geratu da bertan: Joanes Illarregi izan da aurtengo "sorpresa", eta Alaia Martinekin eta Nerea Ibarzabalekin finaleko berritasuna izango dena.
3.600 lagun elkartu ziren Bilboko Bizkaia pilotalekuan, txapelketako azken finalaurrekoaz gozatzera. Aitor Mendiluzek finaleko txartela berretsi zuen, Amets Arzallusek finalerako eman beharra zuen urratsa jauzi bilakatu zuen (hemen Eli Pagolak egin dion elkarrizketa), eta Joanes Illarregik finalaurrekoen lehen saioan lortutako puntu metari esker, ganbarako saio ederra eginda finaleko zazpigarren eta azken postua eskuratu zuen. Jone Uriak, Maialen Arzallusek eta Saioa Alkaizak ere bertsoaldi ederrak eskaini zituzten.
Saioko bertsoaldi puntuatuena Amets Arzallusek egindako bakarkakoa izan zen, zeinetan bere ume garaiko futbol ibilbideaz gogoeta egin zuen. Hemen ikusentzun daitezke saioko bertsoaldi denak.
Puntuaketa taula honela geratu zen azken finalaurrekoan: Amets Arzallusek 662 puntu jaso zituen, Aitor Mendiluze orpoz-orpo zuela (661 puntu), Jone Uriak 637,5 puntu, Joanes Illarregik 621 puntu, Maddalen Arzallusek 609,5 puntu eta Saioa Alkaizak 608,5 puntu jaso zituen.
Abenduaren 18an Iruñean Maialen Lujanbiorekin arituko diren zazpi bertsolariak hauek dira: Alaia Martin (1.405,5 puntu), Aitor Mendiluze (1.387,5), Sustrai Colina (1.378), Beñat Gaztelumendi (1.373), Amets Arzallus (1.350), Nerea Ibarzabal (1.344,5) eta Joanes Illarregi (1.332).
Aurten finalerako lehia oso estua izan denaren seinale, bi puntu eta erdira soilik geratu dela zortzigarren den Julio Soto (1.329,5), eta hiru puntura Aitor Bizkarra (1.329) eta poto bat eginik ere hamaika puntura Oihana Iguaran (1.321).
Final honek historiarako hainbat ezaugarri baditu, hasterako: lehen aldiz finala Nafarroan jokatuko da, lehen aldiz hiru emakumek hartuko dute parte bertan eta 55 urteren ondoren, nafar batek kantatuko du. Izan ere, 1967an kantatu zuten nafarrek azken aldiz Euskal Herriko Txapelketako finalean: Xalbadorri txistu jo zioten hartan, Migel Arozamena eta Bautista Madariaga aritu ziren. Infografia honetan bildu ditugu txapelketen historian finalean aritu ziren guztien izenak.