argia.eus
INPRIMATU
Aurtengo brigadak aurkeztuko ditu Askapenak datozen hilabeteetan
  • Latino Amerikara, Ekialde Hurbilera eta Europara antolatuko ditu Askapenak aurtengo brigadak. Gaur hasi eta apirilera bitartera arte Euskal Herriko hainbat lekutan aurkezpenak egingo dituztela iragarri dute bertako partaideek.

Topatu.eus @topatu_eus 2018ko otsailaren 06a
Iazko brigaden aurkezpena. Irudia: karkara.eus

Internazionalismoak Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialean duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute Askapenako internazionalistek, horretarako tresnarik garrantzitsuenak brigadak direla gaineratuz. Gainontzeko herri langileen borrokak ezagutzea dute helburu, “internazionalismotik Euskal Herria eraikitzeko”. 

“Munduko hegemonia hiru eremu geografiko nagusitan jokatzen ari da”, azaldu dute talde internazionalistako kideek, eta beraz, bertako borrokak “zinez” interesgarriak direla. Latino Amerikara, Ekialde Hurbilera eta Europara antolatuko dituzte aurtengo brigadak, bertako errealitateak ezagutu eta herrien borrokak elkar ezagutzeko. 

Brigadak aurkezteko, aurkezpenak egingo dituzte Euskal Herriko zenbait lekutan. Laster informazio gehiago zabalduko dute. 

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.