Irisarrin egitekoa zen jaialdiaren 25. edizioa. Koronabirusaren eraginez, baina, bertan behera utzi dute.
Ekainaren 26tik 28ra bitartean zuen data aurtengo EHZ jaialdiak. Alabaina, koronabirusa tarteko “ekimen handien galaraztea uztaila erdira arte luzatzeko agindua dela eta”, antolatzaileek erabaki dute jaialdia bertan behera uztea aurten.
Jaialdirako sarrerak erosi dituztenei begira, sarrerak gorde edo bueltatzeko aukera dagoela jakinarazi dute. Sarrera gordetzekotan, hurrengo jaialdirako ere balioko du.
Ekaineko jaialdia bertan behera utzi arren, aukera ezberdinak aztertzen ari direla ere jakinarazi dute antolatzaileek: “Urte osoan hamarnaka laguntzaile elkarlanean aritu gira EHZren 25. edizioa antolatzen, eta ekaineko ekitaldia ezeztatu arren aukera ezberdinak aztertzen ditugu”.