Zezenak torturatu eta hilko dituzte aurten ere Donostiako Aste Nagusian, hiru egunez. Arte y Cultura BMF enpresak iragarri ditu Illunben aurten egingo dituzten zezenketak, eta Aste Nagusiko bigarren asteburuan izango dira, abuztuaren 15ean, 16an eta 17an (18:00etan).
El Capea, Juan Pedro Domecq eta Nuñez del Cuvilloko zezenak hilko dituzte 15ean Pablo Hermoso de Mendoza, Morante de la Puebla eta Marco Perez toreatzaileek. 16an, Fuente Ymbroko zezenak hilko dituzte Miguel Angel Pererak, Emilio de Justok eta David Galvanek. Eta, 17an, Nuñez del Cuvilloko zezenak hilko dituzte Alejandro Talavantek, Roca Reyk eta Pablo Aguadok.
Sukaldaritza eta zezenketak
Donostiako zezenketen aurtengo kartelak zeresana eman du sare sozialetan, sukaldariz jantzitako zezen bat baita protagonista. Enpresak azaldu duenez, adimen artifizialarekin egindako kartela da eta “Donostiako sukaldari handiei omenaldia” da: “Donostiako Aste Nagusiko kartel ilustratzaileak hiriko zezen tradizioari ohore egiten dio, euskal gastronomiarekin lotuz. Donostiako sukaldari handiei omenaldia, tauromakiaren zale handiak baitira: Arzak, Berasategii, Rekondo, Aduriz, Subijana, Arbelaitz, Gandarias eta beste asko”.
Aste Nagusian, zezenketen aurkako manifestazioa antolatu ohi du urtero Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak, eta jendetsua izan ohi da. Gainera, azken urteotan, arrakasta gutxi izan dute Illunbeko zezenketek, plazako harmailetan ez baita jende asko ikusi, duela bi urte, esaterako, plazaren erdia baino gutxiago bete zen lehenengo bi egunetan, eta hiru laurden azken egunean.