Aurten gehiegi pentsatu beharrik ez dago, zer egingo dugu bertso saioa, ginkana, txokolate jana, mosaikoa, lipduba? Horiek ere egingo dira, baina herri dezentetako herritarrek eta euskalgintzak motorrak berotuta dituzte. Kalera aterako dira egun osoz euskaraz egiteko asmoz.
Errodajerik handiena Egia, Añorga, Hernani, Donostiako Piratak, Lasarte-Oria, Astigarraga, Agurain eta Arrigorriagakoek daukate. Herri horietan, hainbat egunez hizkuntza ohiturak aldatzeko saioak egin zituzten.
Herritarrek eta euskalgintzak oso baliagarritzat jo dute ekimen hori eta 2017an herriz herri zabaldu da. Hainbat herrik 2017ko hondarrean, abenduaren 3ko Euskararen Eguna baliatuz, eguneroko bizitzan etenik gabe euskaraz aritzeko hautua egin dute. Abenduak 3 egun sinbolikoa izango da haientzat, erronka baten amaiera, eta garrantzitsuena egun horietan natural-natural euskaraz aritu izana da, auzoko dendariarekin, euskaraz gutxitxo egiten duen lehengusuarekin, sekula euskarari heltzen ez dion lagunarekin. Herri dezentetan azaroaren 27an hasi ziren ekimenarekin eta abenduaren 3an bukatuko dute.
Euskaltzaleen Topagunea ari da ekimenen bilketa egiten eta 2017ko hondarrean ekimena egin duten edo egiten ari direnen zerrenda (den-denak ez dira) azaldu du: Donostian Intxaurrondo eta Altza auzoak, Deustu, Aiaraldea, Lizarra, BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) eta Derio.
Abenduaren 3aren bueltan aurten aktibazio sozialeko ekimenak egiten ari diren asko 2018ari begira ari dira. Izan ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena instituzioei ere gustatu zaie eta besteak beste, Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak bat egin dute 2018ko urte bukaeran antzeko ekimena antolatzeko. Euskal Herri osorako deialdia da eta Topagunea deialdia ontzat hartu eta batzordeak sortzen ari diren herrien zerrenda egiten hasia da. Aipatu berri ditugun herriez gain ondoko udalerrietan sortu dira batzordeak 2018ko Euskaraldia ekimena prestatzeko: Arabako lautada, Getxo, Elgoibar, Iruñea, Bilbo, Gasteiz, Soraluze, Atarrabia, Errenteria, Ermua, Lasarte-Oria, Baztan, Tolosaldea eta Durango.
Egiatarrek antolatu zutenaren moduko ekimenen berri izan nahi baduzu Egia eredua kanalera jo dezakezu.