BDS Koop Eraldaketa Fabrika Behe Bidasoan ekonomia sozial eraldatzailearen alde lanean ari den kooperatiben elkartea da. Alor desberdinetako proiektuak batu dira bertan, tartean, nekazaritzaren eta elikaduraren bueltako zenbait egitasmo ere bai. “Eraldaketa fabrikatik proiektu desberdinak sortu dira, eta horietako bat izan da Larrea Janariak”, azaldu du Jaione Otxoa egitasmoko kideak. Duela urtebete jarri zuten martxan proiektua; prestatutako plater eta menuak saltzen dituzte dendan, eta banaketa ere egiten dute. Haien janarietan, baina, produktu ekologikoak eta hurbilekoak lehenesten dituzte, kalitatezko jakiak eta jasangarritasuna bultzatzeko helburuz.
Erosketak egiteko eta sukaldean aritzeko denboraz larri dabiltzanei hurbileko eta kalitatezko produktuekin elikatzeko modua eskaintzen dio Larreak. Bi langile ziren hasieran, Jaione bera eta Elena Panconesi, baina hirugarren lagun bat batu zaie gerora, Maria Huarte. “Labore denda kooperatiboko ohiko bezeroa eta sukaldaria zen Elena, nik ere beti ostalaritzan egin izan dut lan, eta hortik proposatu ziguten bioi hastea”. Gerora batu zen Maria proiektura. Irungo Larreamendi auzoko dendan prestatzen eta saltzen dituzte jakiak hiruen artean.
Plater eta menu formula desberdinak daude Larreako eskaintzan egunero: lehenengo platera eta postrea, bigarrena eta postrea, plater bakarra… “Internetez ere eskatu daitezke menu edo platerak, egunean bertan edo aurreko egunetan, eta hemen edo etxean jaso dezakete bezeroek”, dio. Larrea.eus webgunea dute martxan, horretarako. Banaketa, berriz, Badoa enpresak egiten du, BDS Koop elkarteko kide den txirrinda bidezko banaketa proiektuak. “Dena dela, dendako eguneroko platerez gain, bestelako eskaintzak ere egiten ditugu: katering enkarguak, talde afariak, otordu jendetsuak…”, adierazi du Otxoak.
Hurbileko ekoizleekin eta ekologikoekin egiten dute lan Larrean, ahal den heinean behintzat. Haien hornitzaileen artean daude, esaterako, Olaberriako haragi ekologikoa ekoizten duen Oihanalde, Bidasoaldeko Astiro eta Sorburu Baratza, Jauregia esnekiak, Ekoalde… “Azken batean, aurrez prestatutako jakien denda da gurea, baina filosofia batekin prestatutako gauzak dira denak”, gehitu du.
Eskaintza begetariano eta beganoa ere badute Larrean. “Bezeroen profilaren aldetik, denetatik dator, sukaldean aritzeko denborarik ez dutenak, irakasleak eta inguruko enpresetako langileak adibidez, baina begetariano eta begano asko ere etortzen dira, aukera hori beti dugulako”. 7,50 eta 13 euro artean gastatuta, ongi eta kontzienteki bazkaltzeko edo afaltzeko aukerarik bada Irunen.