argia.eus
INPRIMATU
Aurrez aurreko hitzorduak eskatu ahalko dira berriz Osakidetzako web-orriaren bidez
  • Abendutik etenda egon da internet bidez Osakidetzan aurrez aurreko hitzordua eskatzeko aukera, baina otsailetik aurrera berriz jarriko da martxan. Etenaldiaren ostean funtzionamenduan jarriko dutena tresna berria izango dela jakinarazi du Gotzone Sagarduik Osasun sailburuak.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 01a

Gotzone Sagarduik Osasun sailburuak asteartean jakinarazi duenez, Osakidetzako web-orriaren bidez aurrez aurreko hitzorduak eskatzeko aukera martxan jarriko dute berriz. Iazko abenduaren 7an jakinarazi zuen Jaurlaritzak Lehen Mailako Arretan atzeratu egingo zituela "aparteko larritasunik" ez zeukaten kontsultak, eta horrekin batera itxi egin zen internet bidez hitzorduak eskatzea ahalbidetzen zuen tresna. Orduko hartan Sagarduik azaldutakoaren arabera, koronabirusak osasun-sisteman eragindako egoerari zegokion erabakia. Asteartean egindako agerraldian, aldiz, web-orri bidez hitzordua eskatzeko aukera berreskuratuko dutela jakinarazi du, adieraziz pandemiaren bilakaerari dagokiola erabakia.

Etenaldiaren ostean martxan jarriko den web-orri bidez hitzordua eskatzeko zerbitzua ez da izango lehengo bera, ordea. Sagarduik jakinarazi duenez, tresna berria izango da aurrerantzean herritarren eskura jarriko dena, eta pazienteak "profesional egokiarengana" bideratuko ditu, kontuan hartuta zein den beharrizana. Azaldutakoaren arabera, tresna horrek ezberdindu egingo du administrazio-izapideen eta osasun-arrazoien artean, eta horren arabera hitzordua eskatzen duen pertsona profesional batengana edo besterengana bideratuko du.

Asteartean bertan jarriko da martxan tresna berria Araban, eta datorren astetik aurrera Bizkaian. Gehixeago kostako zaio Gipuzkoara heltzea, aurreikuspenen arabera lurralde horretan hilabete amaieran jarriko baita martxan hitzordua eskatzeko tresna.