argia.eus
INPRIMATU
Aurrez aurreko hezkuntza seguru baten alde

Marta Abiega @abiegamarta 2020ko irailaren 21a

Aurreko asteko ikasturtearen hasieran egon den inork, nire kasuan haur eta lehen hezkuntzan, ezin du zalantzan jarri aurrez aurreko hezkuntza ordezteko modurik ez dagoenik. Eta ez da gugatik eta gure gaitasunengatik, meritua ikasleena da.

Elkar ikusteko gogoz etorri dira, elkarri hitz egiteko gogoz, oihuka aritzeko gogoz, elkarrekin jolasteko gogoz, elkarren konpainiaz gozatzeko gogoz, eta korrika egiten dute eta barre egiten dute eta, zer nahi duzue esatea, ikaratu egiten naiz norbaitek pentsa dezakeelakoan hori urrutiko heziketarekin ordezka daitekeela. Elkarren arteko ikaskuntzak, berdinen artekoak, afektiboak, komunikatiboak, harremanetakoak..., zoragarriak izateaz gain, ezinbestekoak dira.

Kezkatzen nau irribarrea desitxuratzen diguten maskarak normalizatu izanak –orain begiekin irribarre egiten dugu soilik–. Betiko kontsignak berretsi ditugu: minik eman eta jaso gabe jolastea, gure jokoa besteentzat ere jolasa dela ziurtatzea, elkarri laguntzea eta

"Aste bat ikasgelan eta positibo bat, lehen hezkuntzako lehen mailako gela bat konfinatua, eta, nire aldetik, tristura handia eta haserrea"

kooperatzea. Kontsigna horiek guztiek zentzua galtzen dute taldea desagertzen bada eta norbanakoa isolatuta geratzen bada.

15ean grebara joan nintzen arrazoi askorengatik, besteak beste, nire ikasleetako bat konfinatuta dagoelako. Pozez zoratzen etorri zen bere lagunekin jolastera, baina zoriontasunak astebete baino ez dio iraun.

Bere tutoreak, konfinatua bera ere, iragarpen bat bezala esan zidan ostiralean: "Errefortzua izango banu parkera eramango nituzke, denbora gehiegi eman dute giltzapean eta gainera ez dakigu hemendik aurrera zer gertatuko den."

Hau hasi besterik ez da egin. Aste bat ikasgelan eta positibo bat, lehen hezkuntzako lehen mailako gela bat konfinatua, eta, nire aldetik, tristura handia eta haserrea ere bai.

Ez ditugu maskara eta gel hidroalkoholiko gehiago nahi, irakasleak nahi ditugu, besteak beste, ikasleen ratioa jaisteko eta naturan eta naturarekin ikastera aire zabalean irten ahal izateko.

Ez dugu nahi konfinatzerik, baliabideak nahi ditugu ikasle horiei konfinamendu baten ondoren berrogeialdiak eragin dien sufrimendua saihesteko. Ikastolan nahi ditugu, baina alai eta seguru. Beste behin ere, bizitza eta zaintzak zentroan jarri nahi ditugu eta horretarako giza baliabideak behar dira. Danimarkako ikasgaia dugu ikasgai: ratioak 10era murriztu dira eta espazio publikoak gehitu dira (parkeak, udal-zentroak, kiroldegiak... ditugu). Horretarako, ikusi ez ditugun 6.000 irakasle behar dira, sindikatuen kalkuluen arabera.

Oraingoan ez dugu nahi, berriro ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskuak garbitzea. Gure osasun psikikoa dago jokoan, hau oso serioa da.

* Marta Abiega Karmelo Ikastolako hezitzailea da