argia.eus
INPRIMATU
Aurrez aurreko hezkuntza baimendu arte ezin direla enpresetako praktikaldiak egin oroitarazi du Steilasek
  • Maiatzaren 15ean lanbide heziketako ikastetxeek EAEko Hezkuntza sailetik jaso duten instrukzio berriak zera dio: maiatzaren 18an lantokiko praktikaldiak hastea planteatzen dutela. Steilas sindikatuak salatu du Espainiako Errege Dekretuak argi uzten duela aurrez aurreko hezkuntza baimentzen ez den bitartean, lantokietako praktikak ezin direla burutu.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 18a

Maiatzaren 15ean lanbide heziketako ikastetxeek instrukzio berriak jaso dituzte EAEko Hezkuntza sailetik: “Lantokietan Lantokiko Prestakuntzako modulua egiteari dagokionez, eta hori ikastetxean egiten ez denez, honako jarraibide hauek ezartzen ditugu: 1- Lantokiko Prestakuntzari 2020ko maiatzaren 18an (astelehena) ekiteko gure hasierako planteamenduari eusten diogu”. Steilas sindikatuak salatu duenez, Espainiako Errege Dekretutik eratorritako neurriek eta betebeharrek argi uzten dute aurrez aurreko hezkuntza baimentzen ez den bitartean, lantokietako prestakuntza-aldiak ezin direla burutu.

Hezkuntza sailak berak apirileko zirkularrean kontrakoa zioen

Steilasek jakinarazi du Hezkuntza Sailak apirilak 20an atera zuen zirkularrak esaten zuela "aurrez aurreko irakaskuntza-jarduera hasteko baimena ematen ez den bitartean lantokietako prestakuntzarik ez dela izango". Sindikatuak zera galdetu du: Gaurko egunez, aurrez aurreko irakaskuntza eman ezin denean, Hezkuntza sailak nolaz bidali ditzake ikasleak lantokietara Errege Dekretua eta beraiek landutako instrukzioak hausten dituenean? Hezkuntza Sailari instrukzio hau bertan behera uztea eskatu dio Steilasek.