argia.eus
INPRIMATU
Aurrez aurre

Aitor Montes Lasarte @LasarteAitor 2021eko uztailaren 28a

Ez dute uzten maitatzen gauean, zioen gazteek ezagutzen ez duten abestiak. Musuen ordez, tori musukoa. Pandemiaren bilakaera gaiztoa ikusirik, eta Osakidetzak pandemiari aurre egiteko gaitasunik ezaz oharturik, Urkullu lehendakariak etxeratze agindua ezartzeko ahalmena eskatu dio Espainiako presidenteari, baita kalean musukoaren erabilera derrigorrezkoa izatea ere. Eskatzea libre da, eta berak eskatzen duen legez, nik ere gauza bera egingo dut. Ez diot gauez maitatzen uztea eskatuko, izan ere nire gaztetasuna bere gobernatzeko gaitasuna bezalakoa da.  Aldiz, medikuoi lan egiten uztea eskatuko diot, ez baitigu uzten gure jarduna  behar denez ondo egiten. Jarduera medikuoa oztopatzen ari da Eusko Jaurlaritza, osasun sistema publikoan behintzat, oinarrizko eskubidea den osasun arreta unibertsala galaraziz.

Bada garaia aurrez aurreko kontsultak normaltasun osoz egiteko. Osasun sailburuak dioena egia baldin bada, hau da, txertaketa kanpainiak modu esanguratsuan aurrera egin badu, jada jende gehiena txertatuta dagoela esan daiteke. Ez dago, beraz, aitzakiarik. Halaber, ia osasun langile guztiok txertoa hartu dugu eta, nolabait, babestuta gaudela esan daiteke. Txertoaz gain badauzkagu musukoak, eskularrukoak, betaurrekoak eta gel hidroalkoholikoa. Hauek guztiak ez dira traba; aitzitik, gure jarduera oztopatzen duena nagusiki, arreta telefonikoa da.

Lehendakariak neurri murriztatzaile gehiago eskatu dizkio Madrileko gobernuari. Antza, ez omen dauka horrelako neurriak ezartzeko botererik edo ahalmenik. Horrela izango da, agian, baina beharbada zerbait ahaztu zaio. Herritarrei aurrez aurreko osasun zerbitzua, hau da, benetako osasun arreta ukatzen zaien bitartean, ez daukala inolako legitimitaterik. Ez baita gauza makala gertatzen ari dena: jendea bere osasuna galtzen ari da, nora jo jakin gabe. Pandemia honetan osasun erakundeen kudeatzaileen hanka sartzeak izugarriak izan dira, eta larrutik ordaintzen ari gara, bai osasun langileok bai erabiltzaileek. Ez dituzte errespetatu medikuntzaren eta, oro har, osasun arretaren irizpideak zein baloreak. Txertoak nahierara erabili zituzten Basurtu eta Santamarina ospitaleetako gerente-kudeatzaileek. Ez dago ogen handiagorik paziente bati dagokion tratamendua lapurtzea baino. Bere kargua utzi behar izan zuen emeregentzietako buruak, konfinamendua ez errespetatzeagatik. Lehen mailako arreta guztia kolapsatu zuen sailburuak, txertaketarako hitzordua eskatzeko aplikazioa zabaldu zuenean. Milaka eta milaka dei jaso zituzten osasun zentroek egun haietan, eskaera horri erantzun ezinik. Bere burua zuritzeko eta, bide batez, jendea lasaitzeko, zera adierazi zuen hedabideetan: ez kezkatzeko, txertoak guztiontzat eskura egongo zirela. Bere ezjakintasunaren neurria eman zuen, ez baitaki lehen mailako arreta kolapsatzen denean (eta horrela gertatu zen), hau da, medikuarekin hitz egitea edo hitzordua eskatzea ezinezkoa bilakatzen denean, oinarrizko eskubidea den osasun arreta ukatzen dela. Izan ere, koronabirusaz gain beste gaixotasun asko daude. Atzeraturiko tratamendua, ukaturiko tratamendua.

Ahal baneza, gauza asko eskatuko nizkioke lehendakariari, aurrez aurre: giza-baliabide gehiago, lehendabizi. Lehen mailako arreta sendotzea, noski. Arreta euskaraz bermatzea, jakina. Baina une honetan, badago premiazko eskaera bat: osasun zentroak zabaltzea eta aurrez aurreko arreta eskaintzea, pazienteek erabaki dezaten. Erabakia noski gobernuarena da, erabaki politikoa alegia. Lehendakariaren eta Osasun sailburuaren erantzukizuna, azken batean. Medikuntza, ordea, medikuon esparrua da, eta medikua izanik badakit nola egin behar dudan lan. Hartara, utzi egizue mesedez gure lana egiten, eta zabaldu aurrez aurreko osasun arreta.