argia.eus
INPRIMATU
Aurrez aurre eta online izango da 56. Durangoko Azoka, abenduaren 3tik 8ra
  • Aurrez aurreko azoka eta online denda uztartuko ditu 56. Durangoko Azokak. Abenduaren 3tik 8ra egingo da, "baDa!" lelopean, Durangoko Landako gunean eta durangokoazoka.eus webgunean.

Peru Iparragirre @peruiparragirre 2021eko urriaren 06a
Argazkia: Durangoko Azoka

Iaz erabat birtuala izan zen Durangoko Azoka, eta Landako gunea banaketa zentro bilakatu zen abenduko egun horietan. Aurtengo azokaren nolakotasunaren inguruko zalantzak bazeuden ere erakusmahaiak itzuliko direla iragarri du Nera Mujika Gerediagako lehendakariak. Durangon egin duten prentsaurrekoan iragarri dituzte xehetasunak. Horrekin batera, Leire Urbeltz artistak egindako kartela aurkeztu dute; Azokaren lehen urteak gogoan 60ko hamarkadako iruditegiaren berrikuspena egin nahi izan du.

Leire Urbeltzek egindako kartela

Abenduaren 3tik 8ra bitarte izango da 56. Durangoko Azoka: 3tik 7ra durangokoazoka.eus webgunean egin ahalko dira erosketak, eta 4tik 8ra, aldiz, azoka ohikoagora joateko aukera egongo da. Mujikak aurreratu duenez, 220 erakusmahai baino gehiago jarriko dituzte, eta Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia guneak ere itzuliko dira. Hala ere, edukierak eta jarraitu beharreko osasun neurriak aurrerago zehaztuko dituztela adierazi dute.

Aurrez aurreko jarduerak

Aurrez aurreko jarduerak eta emanaldiak ere pandemia aurreko formatura itzuliko dira aurten. Gainera, Ahotseneako zuzenekoak eta Areto Nagusiko ekitaldiak webgunearen bidez ere jarraitu ahal izango dira. Urriaren 8an zabalduko dute Azokako egitarauan parte hartzeko proposamenak bidaltzeko epea. Ahotsenean haien lanak aurkeztu nahi dituzten artistek ostiraletik aurrera eman beharko dute izena ahotsenea.eus webgunean. 2021. urtean argitaratutako diskoa edo liburua izatea da parte hartzeko bete beharreko baldintza bakarra, baina antolatzaileek lurralde eta genero oreka kontuan hartuko dute egitaraua osatzerako orduan.