argia.eus
INPRIMATU
Ordorika: “Ez Dok Amairu eta RRVa uztartzea oso naturala izan da niretzat”
  • Azukre koxkorrak diskoa aurkeztu du joan den asteburuan Ruper Ordorikak. Hainbat talderen bertsioak jasotzen dituen lana da. Aste honetako astekarian argitaratuko dugun elkarrizketaren aurrerapena eskaintzen dizuegu.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko urriaren 07a
Ruper Ordorikak bertsioz osaturiko diskoa argitaratu du.

Ez Dok Amairu mugimenduko kantagileak eta RRV izendatutakoa bildu dituzu disko berean.

Niretzat oso gauza naturala da biak disko berean batzea. Ez nuen Ez Dok Amairu ikusterik izan, baina gero bai, banan-banan ikusi nituen kantari handi haiek. Nik egindako lehenengo lanak Ez Dok Amairurekiko haustura erradikal gisa interpretatu ziren. (...) Aldi berean, nire lagunak Rock Erradikal gisa bataiatutako horretan ari ziren. Beren kontzertuen aurretik jotzen nuen maiz, eta babestu egiten ninduten, neuk egiten nuena euren munduan oso bazterreko gertatu arren.

Bide beretik, bada egun Euskal Herrian mugimendu gisa aipa litekeen joera musikalik?

Oro har, gero eta zailagoa da multzoka hitz egitea. Joera anitz badela ikusten dut nik, eta ona da hori. Lehen diskoetxea, irratia eta diskoa ziren musika munduaren oinarriak, baina hemen eta nonahi desegin egin da egitura hori. Ez daude joera bakar bateko diskoetxeak, ezta joera zehatz bat babesten duen hedabiderik ere. (...) Kanpotik begiratuta, uste dut badaudela horretarako saiakerak, Bidehuts esaterako. Baina irizpide estilistikoei jarraituz osatutako multzoa baino gehiago, ez dakit ez ote den alternatiba baten bila ari den musikari eta lagunen batura.

Atsegin duzu beste talde batzuek zure kantuak interpretatzea?

Bai, noski. Ez dut ezagutzen musikaririk hori gustuko ez duenik. Disko hau egiteko hitz egin ahal izan dut aspaldian hitz egin gabeko jendearekin, eta denekin sentitu dut gauza bera. Horretarako balio du musikak.