Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak adierazi du sei hilabeteko epean Euskal Herriko gatazka konpontzeko prozesuak “aurrerapen esanguratsuak” izatea espero duela.
Donostiako GBBren egoitzan egin ditu adierazpenak Andoni Ortuzarrek. Berriako Jokin Sagarzazu eta Garako Aimar Etxeberria kazetariek jaso dituzte Twitter bidez.
Joan den larunbatean Bilbon 130.000 lagun bildu zituen manifestazioari EAJk eman zion sostenguari dagokionez, “salbuespen erantzun” gisa definitu du Ortuzarrek, “salbuespen egoera batek eraginda”. Dena den, "etorkizunera begira jartzeko" balio izan duela nabarmendu du.
Manifestazioa isila zen arren, parte hartu zuten zenbait herritarrek presoak etxeratzearen alde egin zituzten oihuengatik dezepzioa adierazi du EBBko buruak. Dena den, ukatu egin du deseroso sentitu zenik.
Manifestazioak ez du abertzaleek osatutako fronte bat ekarriko Ortuzarren esanetan.
Rajoyri deia
Ortuzarrek armagabetzea exijitu dio ETAri eta Mariano Rajoy Espainiako presidenteari berriz, legea bete dezala. “Aplikazio zentzuduna eta graduala” egin dezala eskatu dio Rajoyri EAJko buruzagiak. Espainiako botere judizialari ere ildo bereko deia egin die.
EAJko burua oso kritiko agertu da Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroarekin. Haren jokaera "arduragabekeria" dela iritzi du eta "beste batzuek jartzen ez duten erantzukizun plusa" jarri zuela alderdi jeltzaleak manifestazioaren debekuak eragindako egoeraren aurrean.