argia.eus
INPRIMATU
Aurrera egiteko borondatea agertu eta elkartasuna eskertu du EHZk
  • Ostiralean jaialdia bertan behera utzi ostean elkartasun keinu ugari ari da jasotzen Euskal Herria Zuzenean festibala. Zailtasun ekonomikoei aurre egin behar diete orain, baina EHZk aurrera egingo duela iragarri dute.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 04a

Egun zaila izan zen ostirala EHZko kideentat. Eguraldi txarragatik bertan behera utzi behar izan zuten hiru egunerako prestatua zuten jaialdia, egitaraua hasi baina ordu gutxi lehenago. 22. edizioa zen aurtengoa, eta aurreko edizioetatik pilatuta zuten zorra zen protagonista. Festibalaren aseguruak zati handia bere gain hartuko duen arren, egoera bereziki zailean daude.

Pauline Guelle eta Jon Irazabal bozeramaileek Berria-n adierazi dutenez, ordea, “indarberrituta” atera dira. Orain eredua bera eztabaidagai dago –iraupena barne–, baina elkarteak eta bere espirituak jarraituko dutela zalantzarik ez dute egin.

Hainbat elkartasun keinu egin dira, tartean pasa den igandean LeBukowskin hainbat musikarik antolatu zuten jaialdia. Morauk bertan kontatu zuen mikroipuinean bezala: “Bazen behin egin ezin izan zen festibal handi bat, eta bere ordez ehunka festibal txiki sortu ziren”.

Bilbon ere antolatu dute tankerako elkartasun jaialdia uztailaren 5erako, BIBA! elkartean. Eñaut Elorrieta, Aiora eta Piti eta Gorka Suaia izango dira besteak beste.