argia.eus
INPRIMATU
Aurrera doa Getxoko Ibarbengoa metro geltokiko aparkalekua eraikitzeko proiektua
  • Zenbait iturriren arabera, urtarrilean abiaraziko dituzte obrak. Tosu Betirako Asanbladak salatu duenez, egun Getxon dagoen azken landa gunera "porlana eta espekulazioa” ekarriko ditu proiektuak. Elkarretaratze informatiboa egingo dute ostiralean 20:00etan Algortako Txiki Otaegi plazan.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 23a

Getxoko Ibarbengoa metro geltoki ondoan aparkalekua eraikitzeko esleipenak eginda daude dagoeneko, eta Dragados eta Geotecnia y Cimientos S.A. izango dira proiektua egingo duten enpresak. 2010ean amaitu zuten Andra Mari auzoan dagoen geltokia eraikitzen, baina sei urte igaro diren arren, oraindik ez dago erabilgarri. Horretarako, hiru solairu eta 300 plaza izango dituen aparkalekua eraiki nahi du Getxoko Udalak geltoki ondoko Tosu izeneko landan.

Proiektuak Getxoko “azken landa eremua suntsitu eta urbanizatuko” duela salatzeko, lekua okupatu zuen gazte talde batek 2011n. Tosu betirako plataformaren ustez, bestelako azpiegituren aurrekari izan daiteke aparkalekua. Izan ere, Andra Mari auzoan 8.000 etxebizitza eraikitzeko plana aurkeztu zuen Getxoko Udalak 2007an. Herritar asko horren aurka azaldu ziren, eta egindako protesten eta krisi ekonomikoaren eraginez, bertan behera gelditu zen proiektua. Plataformaren iritziz, “Getxoko lur eremu bakarra urbanizatzeko lehen harria” jarriko du aparkalekuak.   

Horrez gain, hainbat mugimenduk salatu dute proiektua ez dela legezkoa, ez baita horrek ingurumenean sortuko lukeen kaltearen inguruko azterketarik egin. Hala ere, planarekin aurrera jarraitu du Getxoko Udalak, eta zenbait iturriren arabera, urtarrilean abiaraziko dituzte obrak.

Proiektua aurrera doala salatzeko eta egoeraren berri emateko elkarretaratze informatiboa deitu dute abenduaren 23an 20:00etan Algortako Txiki Otaegi plazan.