argia.eus
INPRIMATU
Aurrekontuen gaineko akordioa sinatu dute lehen aldiz Jaurlaritzak eta EH Bilduk
  • Abenduaren 23ko bozketan abstenitu egingo da EH Bildu. Akordioa medio, 253 milioi euroko partida eskatuko duten zuzenketak egingo dira aurrekontuetan, eta koalizioak proposatutako sei neurri politikoetatik hiru onartu dira.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 02a

"Herritarren benetako beharrei" erantzungo dien akordioa da, Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduren hitzetan. Plazaratutako oharrean diotenez, "hainbat esparrutan akordio zabalak behar diren honetan", bi aldeek lan egin dute "euskal gizartean eragin positiboa izango duen akordio bat lortzeko". PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezak "albiste ona" dela adierazi du; aitzitik, PPko Carlos Iturgaiz gogor mintzatu da akordioaren aurka.

2022ko ekitaldirako EAEko aurrekontuei dagokienean, hiru ataletan barnebildu daitezkeen konpromiso politikoak eta dozena erdi neurri ekonomiko jaso ditu akordioak.

Osakidetzara 30 milioi euro bideratuko dira, Lehen Mailako Arreta Estrategia ezarri eta, "hala badagokio, hobetzen jarraitzeko, antolaketan egin beharreko aldaketak egokituz irisgarritasuna eta aurrez aurreko kontsultak bermatzeko". Etxebizitzaren alorrean, "Estatu-araudiak aukera ematen duenean", alokairu pribatuaren prezioak kontrolatzeko sistema propioa jarriko du abian Jaurlaritzak, besteak beste; eta I+G+B alorrean %10 haziko da funtsa, 77 milioi euro gehiago. Bestetik, Larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurrien artean, 2021eko azken hiruhilekoan tokiko erakundeentzako Jasangarritasun Energetikoaren Funtsa aktibatzeko 90 milioi euro bideratuko dira.

Lana eta enpleguaren, gazteriaren eta politika sozialaren eramukoak dira gainerako neurriak.