argia.eus
INPRIMATU
Aurrekontuak adostu dituzte Nafarroako Parlamentuan
  • "Aurrerakoiak eta ausartak" dira 2016ko aurrekontuak Geroa Bairen ustez. Gobernua babesten duten alderdien botoekin atera da aurrera 4.005 milioi euroko aurrekontua.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko urtarrilaren 29a
2012tik aurrekontu luzatuak eduki ondoren, Uxue Barkos buru duen Nafarroako Gobernu berriak lortu du aurrekontuak onartzea (argazkia: Euskalerria Irratia).

"Zorioneko eguna da gaurkoa", adierazi du Geroa Baiko Jokin Castiellak aurrekontuak defendatu dituenean. Gogoratu du, 2012tik aurrekontu luzatuak izan dituela Nafarroak eta atzo onartutakoekin etorkizunera begira daitekeela: "Aurrerakoiak eta ausartak dira".

2016ra egokitutakoak izanen direla ere azpimarratu du. "Gizarte politiketara diru gehiago bideratuko da eta arlo hori izanen da lehentasuna". Enplegua sortzen segitzea eta larrialdi egoeratan daudenak artatzea ere izanen da lehentasun. Akordioa eta elkarrizketaren bidea erabiltzea ere positiboa dela uste du Castiellak.

Bide beretik, EH Bilduko Adolfo Araizek uste du erregimenak izan dituen nahiak albo batean uzteak esan nahi duela aldaketa badatorrela. Azpiegitura erraldoiak bigarren mailako ardura izanen dira hemendik aurrera bestelakoak atenditzeko. Podemos-Ahal Dugurentzat "trantsiziozko" aurrekontuak dira, aldaketa politiko eta sozialaren bidea egiteko balioko dutenak. Izquierda-Ezkerrak dio eskuinak egindako murrizketak baretzeko eta pribatizazioekin amaitzeko lehen pausoa direla.

UPN, PSN eta PPN ez daude ados

Carlos Garcia Adanerok esan du ahoa bete zaiela esanez gizarte politikak lehenetsiko dituztela, baina ez direla aurrekontu sozialak.

Alderdi sozialistak ere uste du, Nafarroak etorkizun aberasgarri eta anitza izateko ez direla aproposak izanen. "Lehen mailako Nafarroa ez da modu horretan sortuko", hala esan du Ainhoa Unzuk.

[Albiste honen jatorrizko bertsioa Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]