argia.eus
INPRIMATU
Aurrekontu proiektuak: aurrera EAEn,
oposizio guztia kontra Nafarroan
  • 2014ko aurrekontu proiektuek bide ezberdinak hartu dituzte EAEn eta Nafarroan. EAEko aurrekontuak bideratzeko negoziaketak aurrera doaz, eta Jaurlaritza akordioak biltzen da. Nafarroan aldiz, oposizio guztia UPNren aurrekontuen kontra agertu da.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko abenduaren 05a
Roberto Jimenezen alderdiak Barcinaren Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuko diote oposizioarekin batuta.

Nafarroan, oposizioa kontra

Aurtengo aurrekontuak luzatu beharko ditu UPNren Gobernuak, oposizioko talde guztiak aurrekontu proiektuaren kontra agertu ostean. Aurretik Bilduk, Geroa Baik, Aralar-NaBaik eta izquierda-Ezkerrak iragarri zuten osoko zuzenketa aurkeztuko zutela; PSNk ere haiekin bat egingo du orain.

PSNren alderdiko goi karguen gehiengoak (%95,3) hala erabakita aurkeztuko diote 2014ko aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa. PSNren Lurralde Batzordeko 65 militanteetatik 62k zuzenketaren alde egin zuten, hiruk kontra eta bat abstenitu egin zen.  Bozketan alderdikideen norabide politikoa argi geratu zen.

Roberto Jimenez PSNren idazkari nagusiaren esanetan Barcinaren aurrekontuek ez diete egungo arazoei irtenbiderik ematen, eta 2013ko murrizketa politikei jarraituz, zerbitzu publikoetan guraizea sartu nahi dute berriz, sektore pribatuaren mesedetan.

Hezkuntza publikoan %9ko murrizketak egin nahi dituela salatu du PSNk, ikastetxe berrien eraikuntzan %25ekoa, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP) %14koa. Hezkuntza pribatuari emandako diru-laguntzak aldiz %3,62 igo nahi dituela nabarmendu du Jimenezek.

Osasun arloan 2012ko aurrekontuetako partida 21,5 milioi euroan jaitsiko litzateke eta politika sozialetara bideratutako dirua, 46 milioi eurotan.

Oposizioko talde guztiek aurrekontuen beste luzapen bat “onartezina” dela salatu dute. Ildo horretan, talde gehienek nabarmendu dute UPNk gobernatzeko dituen zailtasunak. Izquierda-Ezkerrako Jose Miguel Nuinek UPN gobernutik kentzeko beharra azpimarratu du eta oposizioko taldeei hauteskundeak deitzeko zentsura mozioa babesteko deia egin die. “Aurrekontuak baztertzeko gehiengoa elkartu bada, hauteskundeak deitzeko ere elkartu beharko lirateke”, gaineratu du.

EAEko aurrekontuak aurrera doaz

EAJk Eusko Jaurlaritzarako aurkeztutako aurrekontu proiektuan PSE-EEren babesa ziurtatua du, irailean bi alderdien artean sinatu zuten fiskalitate arloko itunari esker. Orain, PPrekin beste akordio bat sinatu dute jeltzaleek. Horren arabera, Arantza Quirogak zuzentzen duen alderdiak ez dio aurrekontu proiektuari osoko zuzenketarik aurkeztuko, ezta gainerako alderdien osoko zuzenketarik babestuko.

EH Bilduk eta UPyDk 2014ko aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko diotela iragarri duten arren, Gipuzkoan EAJ eta EH Bildu negoziaketa prozesuan ari dira. Hortaz, EAEko aurrekontuak aitzinera aterako direla aurreikusten da.