argia.eus
INPRIMATU
Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon
  • Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango da.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko apirilaren 24a
Bizikleta martxaren aurkezpena. Kakitzat

Zenbait kolektibo antimilitarista, ekologista eta internazionalistak deitutako bizikleta martxa larunbatean 10:30ean abiatuko da Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko jauregiaren aurretik. Martxa antolatu dute azken boladan hazkundea izaten ari duen gastu militarra salatzeko eta euskal armamentu enpresek jasotzen dituzten dirulaguntzak kritikatzeko. Gainera, salatu dute EAE dela "armak saltzeagatik gehien fakturatzen duen [Espainiako] Estatuko hirugarren autonomia". 

Asteazken honetan aurkeztu dute Gerraren eta Gastu zein Industria Militarraren aurkako Hamazazpigarren Bizikleta Martxa antolatzaile diren Biziz Bizi, Biraka, Eguzki, Ekologistak Martxan, Kakitzat, KEM-MOC eta Komite Internazionalistak kolektiboek. Jakitera eman dutenari segi, zenbait euskal enpresa salatuko dituztela, zehatz-mehatz, Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresak. 

Arma ekoizpena gelditu eta ekoizpena sektore zibilera bideratzea da kolektiboek galdetzen dutena –bere garaian Orbea enpresak egin zuen bezala, arma laburrak ekoiztetik bizikletak ekoiztera igarota–, baita gastu militar gehiagorik ez egitea ere. Martxaren aurkezpenean adierazi dute 206 euskal enpresa direla "ekoizpen militarraz probetxua ateratzen diotenak". Ziurtatu dutenez, Espainiako Estatuko arma-ekoizpenaren rankingean, EAE hirugarren postuan dago, "150 milioi euro inguruko irabaziekin eta 6.000 milioi eurotik gorako urteko fakturazioarekin, Madrilen eta Andaluziaren atzetik soilik".

Sektore honetako euskal enpresekin gero eta "inplikazio instituzional handiagoa" dagoela salatu dute martxaren antolatzaileek, armagintzaren sektorea "osasunean, pentsioetan, berdintasun-politiketan, gizarte-prestazioetan eta etxebizitza duina lortzeko aukeren murrizketen eta bizitzaren kostua handitzearen aurrean" jarrita. Gainera, euskal ekoizpen militarraren % 80 Israelgo, Saudi Arabiako, Marokoko, Mexikoko, Brasilgo, Ameriketako Estatu Batuetako eta Espainiako indar armatuetako ministerioetara bideratzen dela ziurtatu dute.