Espainiako Estatuan batez beste egunean hamaika pertsonak egin zuten beren buruaz beste 2020an, Espainiako Suizidioaren Behatokiak erregistratutako datuen arabera; gizonezkoak izan dira %74, gehienak 50-59 adin tartekoak.
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) urtero azaleratzen dituen datuen arabera, 2020. urtean inoiz erregistratu den pertsona gehien hil ziren suizidatuta; batez beste egunean hamaika lagunek egin zuten beren buruaz beste. Aipagarria da hildako 3.941 pertsonatatik %74 gizonezkoa izan dela, eta gainerako %26a emakumezkoa. Erregistratzen hasi zirenetik lehen aldiz, 1.000 emakume baino gehiago hil dira suizidioagatik Espainiako Estatuan. Heriotza gehien erregistratu duten adin-tartea 50-59 bitartekoa da.
Espainiako Suizidioaren Behatokiak argitaratu duenez, EAEn handitu da gehien suizidio-tasa: 2019an 139 pertsonak kendu zuten bizia eta 2020an 179k, aurreko urtearekin alderatuta %30 gehiagok. Nafarroan bestelakoa da datua: 2020an 44 lagun hil ziren suizidatuta, 2019an baino bi gutxiago.
COVID-19 pandemiaren itxialdiaren eraginez 2020an kanpoko heriotza-tasa apaldu denez (trafiko-istripu eta homizidoei lotutakoak), suizidioekin berbera pasatzea aurreikusten zuen Espainiako Suizidioaren Behatokiak, baina alderantziz gertatu da. Konfinamendutik ateratakoan “errebote-efektua” egon dela adierazi dute: 2019ko datuekin konparatuta, apirilean %18 suizidio gutxiago erregistratu zituzten, aldiz, abuztuan %34 gehiago.
Heriotza bakoitzeko 20 saiakera
OME Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, suizidio bidezko heriotza bakoitzeko beste 20 saiakera daude. Munduan 800.000 pertsonak kentzen dute bizitza urtean; gerrek eta homizidioek baino heriotza gehiago eragiten ditu. Espainiako Suizidioaren Prebentziorako Fundazioak “kezka” agertu du datuen aurrean: “Suizidioaren prebentziorako plan eta estrategia zehatzak falta dira”. Besteak beste, buruko osasunaren arloan inbertitzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.
Halaber, Suizidioaren Behatokiak ohartarazi du mito asko daudela suizidioaren gainean: “Ez da egia suizidatzen denak hil nahi duela. Inork ez du hil nahi, eta are gutxiago bere burua hil; sufrimenduarekin bukatu nahi du. Ez da egia ez duela bizitu nahi, baizik eta ezin duela horrela bizi”.