argia.eus
INPRIMATU
Aurreko ikasturteko arazo ugarik bere horretan jarraitzen dutela salatu dute Irungo ikastetxeek
  • Irakasle falta, arazo larriak instalakuntzetan eta agindutako karpen zain, Irungo ikastetxe publikoen egoera eta administrazioaren jarrera salatu ditu Irungo Hezkuntza Plazara ekimenak: “Eusko Jaurlaritzak eta Udalak ez dute beraien hitza bete. Berandu eta gaizki ari dira”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko urriaren 07a

Irungo eskola publikoetako ordezkariak biltzen dituen ekimenak nabarmendu duenez, 20 irakasle baino gehiago berandu iritsi dira ikastetxeetara, ikasle asko tutorerik gabe egon dira eta irakasleen ordezkapen asko ez dira bete. “Hezkuntza sailaren kudeaketa lotsagarria izan da”.

Instalakuntzetan dauden arazo larriak ere azpimarratu dituzte, aldez aurretik zeudenak eta pandemia egoerak areagotu dituenak. “Irungo ikastetxe batzuetako espazio falta dela-eta, ikasleak liburutegian edota ikasgeletan bazkaltzen ari dira”.

“Irungo Udalak lau haizetara zabaldutako karpak” oraindik ez daude jarrita. Aurreko ikasturte amaieran ziurtatu zieten ipiniko zituztela, baina iraila pasa da dagoeneko eta patioan ez dute karparik ikastetxeek.

Administrazioarekin bilduko dira orain, kexen berri emateko, eta egoerak bere horretan jarraitzen badu hezkuntza komunitatea mobilizatzen jarraituko dutela berretsi dute. Urriaren 20an egingo dute hurrengo batzar irekia, Palmera Montero gunean.

Diagnostikotik ekintzetara

Irungo Hezkuntza Plazarak ikastetxeen diagnostikoa egin zuen pasa den ikasturtean, hiriko hemezortzi eskolatako ia mila hezitzaile, senide eta langilek erantzun zuten galdetegian oinarrituta. Ondoren, Udalarengana jo zuten, bakoitzak bere ardurak har ditzala eskatzeko. Ikastetxeetako errealitatea hobetzeko helburuz borrokan jarraitzen du Irungo hezkuntza komunitateak.