argia.eus
INPRIMATU
Aurreikuspenen kontra, Euskal Herria Zuzenean izanen da aurten ere
  • 2017an etenaldia egitea erabaki ondotik eta 2019an eraberrituta itzultzeko helburuarekin, ez zen Euskal Herria Zuzenean Festibalaren ediziorik espero aurten. Azken momentuan, baina, EHZ Nomada antolatzea erabaki dute.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 24a
EHZ Festibala (Emilie Drouinaud)

Lekorneko Garroa gaztelutik Ipar Euskal Herriko hiru herrietara lekualdatuko dute EHZ Festibala aurten. Ekainaren 29, 30 eta uztailaren 1ean zehar Baigorri, Baiona eta Itsasun egingo da jaialdia. Antolatzaileek aurtengo edizioaren izaera nomada azpimarratu dute, trantsizio urte bat dela nabarmendu asmoz.

22 urteko ibilbidea duen jaialdiaren gaineko gogoetan murgilduta ibili dira antolatzaileak duela hiruzpalau urtetik, eta iazko eguraldi txarrak eta honek eragindako arazo ekonomikoek aurten festibalik ez ospatzeko erabakia hartzera bideratu zituen. Ordutik proiektuaren gaineko gogoetarekin jarraitu izan dute, eta jendearen gogoetak jasotzen ere hartu dituzte lanak.

Hitzordua mantentzearen garrantzia azpimarratu dute gogoetan parte hartu duten askok, eta horregatik erabaki dute EHZ Nomada antolatzea, formatu berriarekin eskemak apurtzeko saiakera eta guzti. Denboran irauteko perspektiba berriak sortu nahirik dabiltzala adierazi dute antolatzaileek.