Botoen %99 zenbatuta, Mark Caney egungo lehen ministroa buru duen alderdiak 168 aulki lortuko lituzke Komunen Ganberan, eta lau gehiagorekin osatuko luke gehiengoa. Alderdi Kontserbadorea izan da bigarren bozetan, 144 eserleku lortuta. Duela lau urteko hauteskundeetan baino emaitza hobeak lortu dituzte liberalek, eta inkestek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera diete kontserbadoreei.
Ezustekorik ezean, inkesta gehienek aurreikusten zutena gertatu da asteleheneko Kanadako parlamenturako hauteskundeetan: laugarrenez jarraian liberalak irten dira garaile, eta botoen %99 zenbatuta 168 aulki lortuko lituzkete Komunen Ganberan. Bigarren izan da Alderdi Kontserbadorea, proiekzioen arabera 144 eserleku lortuta. Mark Caney egungo lehen ministroa buru duen alderdiak, ordea, ez luke gehiengoa izango Komunen Ganberan –172 aulki behar dira–, nahiz eta herrialdeko behe ganberan ordezkariak dituzten beste alderdiek nabarmen egin duten behera: BQ Bloke Quebectarra subiranistak 33 eserleku izatetik 23 izatera igaro da, eta DP Demokrata Berrien Alderdia sozialdemokrata, berriz, 25 izatetik zazpi izatera.
Berez urrian ziren egitekoak bozak, baina dimisioa eman zuen urtarrilean Justin Trudeau orduko lehen ministroak (2015-2025), eta hura ordezkatu zuen Mark Caney ekonomialariak hauteskundeen data astelehenera aurreratu zuen. Trudeau lehen ministro zela, Etxe Zuriko maizter denetik Trumpek eginiko mehatxuek eta herrialdearen hazkunde ekonomikoa jaisteak nabarmen murriztu zuen Alderdi Liberalarekiko babesa kanadarren artean. Caney agintera heldu ondoren, ordea, liberalak kontserbadoreei aldea murrizten joan dira, baita irauli ere: horren adierazle da duela lau urteko bozetan baino emaitza hobeak lortu dituztela liberalek, eta inkestek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dietela kontserbadoreei.
Trump hizpide lehen hitzaldian
Donald Trump AEBetako presidenteak abiatutako gerra komertzialak gogorren kolpatu duen herrialdeetako bat izan da Kanada, eta behin baino gehiagotan mehatxatu du Kanada herrialdeko 51. estatu bihurtzearekin edo anexionatzearekin. Hortaz, paper garrantzitsua jokatu du Komunen Ganberarako hauteskunde kanpainan. Bozen emaitzak jakin ostean Ottawa hiriburuan egin duen agerraldian zuzendu zaio Caney Trumpi, eta Kanadak AEBekin beste "harreman mota" bat izan behar duela adierazi dio: "Bukatu da AEBen integrazioan oinarrituta zegoen harremana".