argia.eus
INPRIMATU
“Aurreikuspenak beteta eta pozik” eman diote amaiera 57. Durangoko Azokari
  • Balorazio positiboa egun dute Durangoko Azokaren antolatzaileek: giroaz eta bisitari zein salmenta kopuruaz kontent agertu dira. Hurrengo azokari jarri diote data jada: 2023ko abenduaren 6tik 10era gauzatuko da 58. edizioa.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 12a
Argazkia: Durangoko Azoka

Bi urtez ezohiko edizioak egin ostean, osasun-krisia heldu aurreko formatura eta salmenta zenbakietara bueltatu da Durangoko Azoka. Antolatzaileek 57. edizioaren azken egunean egindako balorazioa positiboa izan da, eta "aurreikuspenak beteta eta pozik" agertu dira. Egunotan jazotakoa "eztanda" gisa kalifikatu dute, bai bisitari eta salmentei zein giroari dagokionez. Eztanda hori, orain, Durangoz harago hedatzeko nahia agertu du antolakuntzak: "Bost egun hauetan bizitako eztanda hori herriz herri Euskal Herri osoan zehar zabaltzea da erronka, Azoka ez dadin oasi bat izan, Durangon sentitu dugun komunitate hau zabaltzen jarrai dezagun".

Abenduaren 7an eman zitzaion hasiera aurtengo Durangoko Azokari, eta abenduaren 11n itxi zituen ateak. Bost egun horiek guztiak jendetsuak izan direla azpimarratu dute, abenduaren 8a izanik jende gehien bildu zuen eguna. Hainbestekoa izan zen jendetza, diskoen aurkezpen guztietan edukiera bete zela. Zentzu horretan, Ahotseneak bere 15. urteurrena "giro ezin hobearekin ospatu du", antolatzaileen begietara.

Szenatoki arrakastatsua

Azpimarratzekoen artean, Szenatokia guneak izandako erantzun positiboa legoke. Izan ere, arte eszenikoen plaza izateko xedez sortutako espazioa beren "ibilbide imaginarioan" sartu dute azokako bisitariek. Horren adierazle da antolatutako 29 saioetatik hainbatetan edukiera bete izana. "Erabat finkatu da antzerki arinaren formatua", egin dute irakurketa. Aurrera begirakoan ere indartzen jarraituko dute Szenatokia, aurtengo sormen bekaren onuradunak gune horretan aurkeztuko baitu diruz-lagundutako proiektuaren emaitza, azokaren datorren urteko edizioan: Jon Ander Urresti aktore bermeotarraren Eucaliptus lana, hain zuzen ere.

Aurtengo edizioa, bestalde, urrats esanguratsua izan da COVID-19aren agerpenaren aurreko azoka eredua berreskuratzera bidean. Horren adierazle argia izan da internet bidezko salmenten beherakada: "Zalantzarik gabe, kulturzaleek aurrez aurreko Azokari lehentasuna eman diote online dendaren aldean". Lau egunetan 434 eskaera egin dira, guztira 1685 produktu izanik bidalitakoak. Eskaera gehienak Euskal Herritik egin dituzte, baina Katalunia, Galizia eta beste lurralde batzuetara ere egin dituzte bidalketak. Internet bidez erosketa egin dutenek aste honetan jasoko dute erositakoa etxean.

Motibazioz eta begirada aurrera begirako bidean jarrita eman diote itxiera 57. Durangoko Azokari. Izan ere, edizio nagusia atzean utzi arren, azokak herriz herri jarraituko du Zu non, han DA! ekimenaren eskutik. "Euskal Herriko 132 saltokitan Azokako literatur nobedadeak eskuratzeko aukera egongo da, eta aurten lehenengo aldiz sortzaileek ere euren liburuak aurkeztuko dituzte 45 liburu dendatan". Saltokien eta aurkezpenen zerrenda Durangoko Azokaren web-orrian aurkitu daiteke.

Hurrengo edizioari ere jarri diote data gaurdanik: 2023ko abenduaren 6tik 10era gauzatuko 58. Durangoko Azoka.