Aurreakordioaren arabera, enpresak bermatu du atzeratutako Kontsumo Prezio Indizearen ordainketa eta lan hitzarmen berriaren negoziazioa maiatzerako utzi dute. LAB, CCOO eta UGT sindikatuek babestu dute proposamena eta, ondorioz, ostegun eta ostiraleko lanuzteak bertan behera geratu dira, langileen bozketaren zain.
Osteguneko bileraren ostean, Tubos Reunidos enpresako sindikatu gehienek aurreakordioa adostu dute zuzendaritzarekin. Zehazki, LABek, CCOOk eta UGTk hitzartu dute konpainiako arduradunekin langileek Kontsumo Prezio Indizeen ordainketak jasoko dituztela lan hitzarmena iraungi zenetik, hau da, 2017tik.
Hain zuzen, 2017ko eta 2018ko KPI, %1 eta %1,1 hurrenez hurren, aurtengo urrian jasoko dute. 2019ko KPI, %1,2, 2023ko apirilean kitatuko da eta 2020koa, %0, 2023ko uztailean.
2021eko KPI negoziatuko da lan hitzarmenaren barruan eta hori sinatu ostean kobratuko dute, hain zuzen, 2023ko urrian eta abenduan. Enpresak iazko abenduan 500 euro aurreratu zien beharginei 2021eko KPIren harira, eta adosten dutenaren arabera, falta dena osatuko beharko du.
Hori guztia zehazteko maiatzean ekingo diote negoziatzeari eta bi puntu sinatu dituzte elkarrizketa horietarako. Alde batetik, langileek erosketa gaitasunik ez dutela galduko. Bestetik, fede onez negoziatuko dela lehiakortasuna hobetzeko eta konpainiaren iraunkortasuna bermatzeko.
Akordioaren ondorioz, ostegun eta ostiraleko lanuzteak bertan behera geratu dira. Halaber, langileek batzarra egingo dute otsailaren 15ean adostutakoari buruz bozkatzeko.
Bere ezezkoa argudiatzeko orduan, ELAk aipatu du ez duela babesten 2021eko KPIren ordainketa lan hitzarmenaren negoziazio barruan kokatzea. "Enpresak baliatuko du hori guri xantaia egiteko eta bere exijentziak inposatzen saiatzeko hitzarmenean", arrazoitu du sindikatuak. Bestalde, ESK sindikatuak bere kideen artean zabaldutako mezuan argitu du bere aburuz, akatsa dela negoziazioak atzeratzea maiatzera arte, enpresak zenbait produkzio helburu beteko baititu ordurako.
SEPIk 112 milioi euroko kreditua eskaini eta zenbait aldaketa iragarri arren, enpresak urte oso gorabeheratsuak izan ditu azkenaldian eta langileek enplegua erregulatzeko zortzi espediente izan dituzte. Hortaz, euren erosketa ahalmena murriztu da ez soilik KPIgatik, baita egun askoz gutxiago lan egin dutelako ere.