argia.eus
INPRIMATU
Zortzi ikaslerekin ireki ahal izango da D ereduko gela bat Nafarroako eremu ez euskaldunean
  • Aurten lehenbiziz Nafarroa osoko haurrek izango dute aukera hezkuntza sare publikoaren D ereduan matrikulatzeko. Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendozak aurkeztu du matrikulazio kanpaina, Aukeratu publikoa, kalitatezko hezkuntza lelopean gauzatuko dena.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko otsailaren 02a
Jose Luis Mendozak aurre-matrikulazio kanpaina aurkeztu du. (Arg.: euskokultur.org) Jose Luis Mendozak aurre-matrikulazio kanpaina aurkeztu du. (Arg.: euskokultur.org)

 

Zortzi haur beharko lirateke eremu ez euskaldunean D ereduko gela bat irekitzeko. Hori lortuko ez balitz, gertuko herrietako haurrekin eratuko litzateke taldea. Modu horretan, mugitu beharko liratekeen haurrek autobuserako eta jantokirako laguntzak izanen dituzte.

Otsailaren 15etik 19ra izanen da aurre-matrikula kanpaina Haur eta Lehen Hezkuntzan. D ereduaren inguruko informazio guztia helaraziko da 3 urterekin eskolatzeko adinean diren haurren etxeetara.

D eredua zabaltzeaz gainera, beste aldaketarik ere izanen da. Ikas-geletan gehienez 25 haur izanen dira haur eta lehen hezkuntzan. Bigarren hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta Batxilergoan aurre-matrikulazioa apirileko bigarren hamabostaldian izanen da. Ikasgeletan gehienez ere 30 ikasle izanen dira.

D eredua euskalduna ez den zonaldera zabaltzea

Aipatu den moduan, 2016-2017 hurrengo ikasturtetik aurrera, Nafarroan bizi diren 3 urteko haur guztiak D ereduan eskolatu ahalko dira sare publikoko ikastetxeetan, hau da, euskarazko irakaskuntza gaztelania ikasgai moduan izanik. Aukera hori gainerako adinetara zabalduko da pixkanaka datozen ikasturteetan; hala, taldeen sorrera bermatuko da derrigorrezko hezkuntzako maila guztietan, Hezkuntza Departamentuaren etengabeko ikuskaritzapean.

Ikasle-ratioaren eta onarpenari buruzko araudiaren berrikuspena

Mendoza kontseilariak aurreratu duenez, 2016/2017 ikasturtean egungo sistemaren beste elementu batzuk berrikusiko dira, esaterako: ikasgela bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua edo onarpenari buruzko araudia. Lehen Hezkuntzan, egungo 30 ikasletik 25era jaitsiko da, Bigarren Hezkuntzan 32tik 30era eta Batxilergoan 33an geratuko da. Aldaketak 2017/18 ikasturtetik aurrera egingo dira.