Pasa den abuztuan hautsak harrotu zituen Juan Carlos de Borbónen ihesaren albisteak. Zapokeri ekonomikoz beteriko bi urteren buruan, etxez aldatu eta Arabiar Emirerri Batuetara emigratzea erabaki zuen estatuburu maiteak. Emakumeak laidotu, homosexualak harrikatu eta kazetariak zentsuratzen dituzten horietara, bai.
Etor zitekeena ikusita, harpe mediatikoak berehalako erantzuna eman zuen. Ezinbestekoa zen aberriarengatik hainbeste sakrifizio egin zituenaren irudia goraipatzea: Frankismoaren amaiera, Konstituzioa, otsailaren 23ko estatu-kolpea, eta abar. Bizizalearen eskandaluak barreiatu ahala, hedabide nagusiek zuritze-kanpaina lotsagarri bati ekin zioten. Baina hilabete batzuk geroago, eta askotan gertatu ohi den bezala, lardaska ahaztuz joan ginen. Nolanahi ere, duela gutxi erregegoak gure haserrea gogora ekarri zuen gertaera pare batekin: Pablo Hasélen espetxeratzea eta infanten txertaketa goiztiarra.
"Koroaz libre geratu diren herrialdeak iraganean errege-erreginen ahaideak exekutatu dituztenak izan dira. Historiak hala dio, bederen"
Soberan dakigu adierazpen-askatasuna existitzen dela, betiere 1978ko Konstituzioaren balore eskuindarrak urratzen ez baditu. Hau da: aske gara, estatuaren parametroetatik ateratzen ez garen heinean. Bestalde, Elenak eta Cristinak anaia zaharrari bisita egin eta, bertan zeudela, koronabirusaren aurkako txertoa jarri zuten txandarik errespetatu gabe. Milaka hildako, beste horrenbeste ezbehar, eta bi lotsagabe horiek arrisku handiko herritarrak baino lehenago immunizatuak izan dira. Aurpegira barre egiten digute.
Tamalez, inguruan nagusi den erregezaletasunak ez du ezer onik iragartzen. Zer gehiago behar du pertsona batek bere lepotik aberasten ari direla ikusteko?
2013an Mario Herrerak, Podemoseko kargu ohi batek, honakoa esan zuen: “Espainian bi gauza falta zaizkigu Europaren mailan egoteko: gillotinak eta eliza gehiago erre izana”. Garaian sekulako iskanbila sorrarazi zuten adierazpenek. Ez zen gutxirako, alderdi morearen sorrera iristear baitzen eta “monarkia edo errepublika” eztabaida pil-pilean zegoelako.
Ez diot Herrerari arrazoia kenduko. Koroaz libre geratu diren herrialdeak iraganean errege-erreginen ahaideak exekutatu dituztenak izan dira. Historiak hala dio, bederen. Eskerrak Auzitegi Nazionalean euskara ikasteko asmorik ez dutela, bestela katramilaren batean sartuko ginateke.
Estatu-mailan jopu pentsaera bikainki barruratu dute. Diktadore baten eskutik etorri eta luxuzko hegazkin batean joan da Juan Carlos. Jarrai ezazue monarkaren ipurdia garbitzen, plebeio horiek.