Kaliforniako San Francisco, Oakland edo Berkeley hirietan, edo Massachusettseko Somervillen erakunde publikoei debekatu egin diete aurpegi errekonozimenduaren teknologia polemikoa erabiltzea, polizia departamentuei barne. Orain, pauso bat harago ematetik gertu da Oregon estatuko Portland hiria, enpresa pribatuei ere hau erabiltzea debekatu nahi baitiete, Fast Company hedabideak informatu duenez. Proposamena lege bilakatzea lortzen badute, 2020ko udaberrian sartuko litzateke indarrean.
“Jendea oso kezkatuta dago aurpegi errekonozimenduak izan dezakeen erabilerarekin, baita gobernuak eta enpresa pribatuek norberak berezkoak dituen ezaugarriak baliatuz egin dezaketen jarraipenarekin”. Matt Caglen hitzak dira, ACLU unibertsitateko irakaslea eta San Franciscon onartu zuten legearen zirriborroa idazten lagundu zuen adituetako bat. Aurre-lan hau erabili dute gerora Oaklanden eta Berkeleyn ere.
Poliziak egiten duen erabileratik harago, aurpegi errekonozimendua asko zabaltzen ari da teknologia gisa: AEBetako dendetan, estadioetan eta eskoletan dagoeneko erabiltzen dute. Microsoft, Amazon edo IBM multinazionalen algoritmoak eros daitezke eta edozein garatzaileek erabili. Facebook gisako multinazionalek ere dagoeneko txertatu dute aurpegi errekonozimendua sare sozialetan.
“Teknologia honek emakumeen eta koloreko pertsonengan positibo faltsu tasa handia du, gaizki identifikatuak edo jazarriak izango dira egin ez dituzten gauzengatik, edo egon ez diren lekuetan egon izana egotziko zaie”. San Franciscoko Udalak teknologia honi atea itxi izanak jo-puntuan jarri zuen erakundeek egin dezaketen erabilera, baita poliziak zenbaterainoko sinesgarritasuna ematen dion ere batzuetan hain zehatza ez den teknologia honi.
Euskal Herrian ere muturra sartzen hasi den teknologia hau ikertu zuen 2018an MIT Unibertsitateko Joy Buolamwini ikerlariak. Ondorengo konpainien aurpegi errekonozimendurako softwareak aztertu zituen: IBM, Microsoft eta Face++. Saharatik behera bizi diren afrikarren eta iparraldeko europarren irudiak jarri zizkien esperimentua egiteko. Azal zuriko gizonen artean akatsen ratioak %0 eta %0,8 artekoak izan ziren. Azal iluneko emakumeak aztertzean, Microsoften softwarearen akatsak %20tik gorakoak izan ziren, eta IBMn eta Face++ konpainiena %30etik gorakoak.
Buolamwini ikerlariak egin zuen bideo bat ezagun egin da Youtuben, AI, Ain't I A Woman? (Inteligentzia Artifiziala, ez al naiz emakumea?) bideoak erakusten du software hauek Oprah Winfrey, Michelle Obama eta Serena Williams gizon gisa identifikatzen.
Enpresa pribatuei aurpegi errekonozimendua debekatzeko pausoa loturik dago halako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen gorakadarekin. AEBetan azken polemika Amazonen Ring izeneko atariko “kamera inteligenteek” eragin dute. Euskal Herrian etxe askotan dagoeneko badauden txirrin kameradunen antzerakoa da, baina “azken teknologia” bailitzan saltzen duten zerbitzu hau internetera konektatuta dago eta etengabe grabatzen du ataria. Ring kameren marketin kanpainak dio “auzoak seguruago” egiten dituela.
Washington Posten irakur daitekeenez, eskandalua etorri da jakin denean AEBetako 400 polizia departamenturekin elkarlanean ari direla eta hauengana bideratzen dituztela irudiak. Edozein etxejaberen kamerak egun eta ordu zehatz batean grabatu duena eskatzen ari da Polizia, eta enpresa honek internetera konektatuta dauzkan milioika kameren irudiak eskura ematen dizkie eta epe mugarik gabe eduki ditzakete.
2013an sortu zuten Ring konpainia eta “smart atariak” edo “atari inteligenteak” internetera konektatzen ditu. 99 dolarretik hasita alarma sistema, angelu zabaleko kamerak, aurpegi errekonozimendua integratuta, mugimendua detektatu eta argiak pizten dituzten gailuak eskaintzen dituzte. Erabiltzaileek mugikorreko aplikazio batetik ikus dezakete etengabe atarian duten kamerak grabatzen dituen irudiak. Erabiltzaileek Neighbors izeneko sare sozialean parteka ditzakete irudiak, jendeak “krimen lokalak” salatzeko, gauza susmagarriak aipatzeko. Bideoetan ez dituzte bertan ikusten diren herritarren aurpegiak lausotzen. Azpian Ring kameren publizitate spota.
Ring Amazonena da egun, iaz erosi zuen enpresa 800 milioi dolarren truk. 2018ko udaberrian hasi zen konpainia honen eta poliziaren arteko elkarlana. Neighbors aplikazioak, gainera, erabiltzaileei ondorengo mezua helarazten die polizia erakunde berri batekin elkarlana sinatzen dutenean: “Zure Ring auzoa askoz indartsuago bilakatu da”.
Aipatu dugunez, hainbat hiritan debekatzen ari dira erakunde publikoek aurpegi errekonozimenduarekin loturiko datuak biltzea, baita hirugarren batzuenak eskuratzea ere. Portland izan daiteke lehen hiria sektore pribatuari halako debekua jartzeko urratsa emango lukeena.
BuzzFeed News hedabideari FaceFirst konpainiak adierazi zion milaka denda ari direla software hau erabiltzen dendetan lapurretak egiten dituztenak identifikatu asmoz. Horrez gain, AEG Presents eta Live Nation enpresak saiatu ziren estadioetan tiketak erosi dituztenak “errazago sartzeko” halako teknologia baliatzen, baina Los Angeles Times egunkarian irakur daitekeenez, atzera egin behar izan zuten musikarien protestengatik.