“Aurore Martin zoriondu nahi dut hartu duen jarrerarengatik”

  • Euskal preso politikoen abokatua da Amaia Izko. ARGIAk 2.284. zenbakian plazaratuko duen elkarrizketaren aurrerapena da hau. Aurore Martinen auziaz eta Igor Portu eta Mattin Sarasolaren atxiloketaz eta jasandako torturez mintzo da besteak beste Izko. Mikel Asurmendik egin dio elkarrizketa.


2011ko ekainaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Amaia Izko (Josu Santesteban / ARGIA)

Aurore Martin eta euroagindua

Urtarrilean zein ekainean euskal preso politikoen aldeko manifestazio nagusiak izan dira Bilbon. Zer balorazio egiten duzue gizarteak emandako erantzunaz?

Bilboko manifestazioetan egon naiz, urtarrilekoan eta oraingoan ere bai: bizi dugun egoera politikoaren isla ikusi dut. Azken urteetan, askotan, gizarteak modu sendo batean adierazi du presoen gaia konpondu behar dela. Euskal gizartearen iritzia ukaezina da, egoera konpontzeko bidean beraien eskubideak errespetatzen hasi behar da: hasteko isolamendu egoerak eta sakabanaketak kenduz. Bizi osorako zigorra indargabetuz, zigorraren hiru laurdena beteta daudenak askatuz. Gizarteak aspaldi adierazi du hori. Urtarrilean izan zen inflexio une bat, eta sektore gero eta gehiago inplikatzen ari dira orain, giza presioa mugimendua bihurtuz doa eta auzo eta herrietan ari da zabaltzen.

Aurore Martinen aurkako euroaginduak eman du zer esana. Zuk zer diozu geratzen ari denaz?

Baionako manifestazio handiaren ondoren atxikimenduak begi-bistakoak izan dira. Atxikimendu asko eta sostengu handia dago hautetsien aldetik, eurodiputatu askorena barne. Niri iruditzen zait oso urrats positiboa ematen ari dela, eta guk hemendik [Hegoaldetik] gure burua begiratu beharko genuke eta bertan egiten ari direna eredu bezala hartu.

Hau da, jendea jarduera politikoarengatik kriminalizatzea geldiarazi behar dugu. Frantziako Estatuaren jarrera geldiarazten ari dira, eta Espainiako Estatuan ezin dugu geldirik geratu. Hemen mobilizazioak handiak izan dira, agian errepresioa Iparraldean baino handiagoa izan delako. Baina guk ez dugu lortu hori euro-agindua gelditzeko mugimendu bat gauzatzea. Frantziako Estatuak euro-aginduaren bidea zuzenean aplikatu nahi izan du. Ez du, hemen bezala, anestesia lana egin, eta horrek erreakzio izugarria piztu du. Hau da, pertsona bat bere jarduera politikoarengatik, Estatu horretako herritarra dena, kanporatu nahi dute hamar urteko espetxe aldia bete dezan, eta jende asaldatu da. Hori da normalena, jendea asaldatzea eta mugitzea. Guk lortu ez duguna lortu dute haiek.

Aurore Martin hemengo kartzelan ikusiko bazenu...?

Ez nuke ikusi nahi noski... Nola nahi ere, Aurore Martin zoriondu nahi dut hartu duen jarrerarengatik. Kostu handia hartu du bere gain, kostu pertsonala. Salaketa politikoa termino egokian jarri du eta mugimendu izugarria sorrarazi, eskubideei begira bere jarrera oso garrantzitsua da –ez da bakarra, beste batzuek ere kostua ordaindu dute–, bere jarrera txalotzekoa da.

[Euroaginduaren aurkako taldeek deituta, eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazioa egingo da larunbatean Baionan, 17:00etan, Euskaldunen Plazatik abiatuta]

 

Igor Portu eta Mattin Sarasola

Igor Portu eta Mattin Sarasola presoen abokatua da Amaia Izko. Euskal preso politiko hauek Madrilgo T-4ko atentatua egiteaz akusatuak eta kondenatuta daude. Atxilotu zituztenean torturatuak izan zirela deklaratu zuten. Atxilotu zituzten guardia zibilek torturatu izateagatik zigorra jaso dute. Kasuaz jardun dugu luze eta zabal.

Noiz eta nola ikusi dituzu Igor Portu eta Mattin Sarasola?

Madrilen ikusi nituen azkenekoz. Igor Portu Cordoban dago eta Mattin Sarasola Jaenen, biak isolamenduan. Pasa den hilabetean izan zuten azken epaiketa dela tarte ikusi nituen. Donostian izan zen epaiketa eta gero, torturak zirela kausa, lehen aldiz.

Nolakoa da zure harremana haiekin?

Zalantzarik gabe hain urrun egoteak zailtzen du harremana, 900 kilometro behera eta gora egin behar ditugu. Esaterako, T-4koari buruzko epaiketa izan zenean, gertatu zitzaiena beraiek kontatu zuten, eta berehala konturatu nintzen nondik nora prestatu behar nuen haien defentsa. Baina, pentsa, zer zailtasunak ditugun defentsa prestatzeko, urrun eta sakabanatuak baitaude elkarrengandik.

Nola gogoratzen duzu atxilotuta egon ondorengo lehen momentua? Nola aurkitu zenituen?

Mattin lehenago ikustea lortu genuen, Madrilera eraman eta espetxeratu zutenean lortu genuen ikustea, atxiloketatik laugarren egunera. Igor ikustea gehiago kostatu zitzaigun, ezin genuen ikusi ospitalean, Martuteneko kartzelan sartzean ere ez, inkomunitatuta baitzegoen. Zuerara eraman zuten eta altxatu zioten inkomunikazioa. Handik Navalcarnerora eraman zuten, hamabost egun pasa ziren ikusi genuenerako. Igor Portu ikusi orduko ez zitzaion antzematen torturen aztarnak, ubeldurak zituen. Mattinek ere bazituen ubeldurak, bularrean, hanka batean, egoera psikologiko latzean zegoen.

Nola ekin zenion egoerari?

Uf... ez dut gogoratzen... Lehen unean saiatzen gara lasaitzen, atxiloketa bukatu dela esaten, konfiantzazko lagun batekin dagoela esaten, familia dagoela kanpoan, nahiz eta berak ikusi ez. Errealitatearekin konektatzen saiatzen gara. “Bost egun besterik ez dira” baina, ikusten duzunaren arabera, esperientziak errealitatetik aterarazi du atxilotua. Beraz, errealitatera hurbilarazi behar duzu lehenbizi. Hori lortzen duzunean, berak lortzen duenean, orduan ezagutzen gaituzte eta, zer moduz pasa duen galdezka hasten gara. Askotan ez dakizu presoek zein inputazio duten eta galdetzen diezu zer leporatzen dioten, eta orduan hasten dira kontatzen.

Atxiloketa inkomunikatuetan, guk ikusi ditugun atxilotuen %95ak baino gehiagok tratu txarrak pairatu ditu. Nik badakit zer topatuko dudan ziegara jaistean, edo espetxean. Aldiz, harritzen nau “ongi pasa da” entzuteak, baina pozten naiz izugarri.

Torturatzea edo ez, kasualitatea al da?

Ez. Atxilotua torturatzea edo ez torturatzea erabakita dute. Adibidez, sektore sozial eta politikoak atxilotzen hasi zirenean, 18/98 kasua, erabaki zuten tratu txarrak ez ematea. Zeinek zeini agindu zion ez dakit, baina agindu zuzena zegoen tratatu txarrak ez emateko, ez torturatzeko, eta kasu horietan ez zituzten ukitu. Eta badira beste batzuk. Apurtu.org web gunekoen kasua, adibidez.

“Donostiako epaile batek tortura zantzu nahikorik badirela uste du eta kasuarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu du” irakurri genuen Portu eta Sarasolaren kasuan.

Igor ospitalizatu zutenean, ospitaletik bertatik kasua bidali zuten epaitegira. Mediku forentseak hauxe esan zuen: “Lesio larriak ikusi ditugu eta atxilotuak dio torturatu izan dela”. Ondorioz Donostiako Guardiako Epaitegiak ireki zituen dilijentziak, eta ireki zuten dossierra beste zenbaki batekin ireki zuten. Mattinen kasuan ere lesio handiak ikusi zituzten, bi prozedurak batu egin ziren, eta inkomunikatuak egon ziren egun horietan epaile batek hartu zion deklarazioa Igorri eta beste batek Mattini. Dena hasi zen hasiera-hasieratik eta horrek garrantzia handia izan du. Epaile eta medikuen deklarazio guztiak jaso zirenez, horrek ekarri zuen instrukzioa zabaltzea, eta ondorioz, hamabost guardia zibil epaitegira galdekatzera ekarri zituzten. Noski. hauek kontatu zituzten bertsioak ez datoz bat gertatu ahal zenarekin, ez dira sendoak, ez datoz bat Auzitegiko epaileak berak ikusi zuenarekin, eta honek erabaki zuen aurrera joatea.

Hori mugarria izan zen. Auzitegiko epaileak, forentseak, bera zela konpetentea esan zuen, nahiz eta Mattinek tratu txarren parte bat Madrilen jasan, berak hartu zuen kasua eta definitu zuen prozedura. Madrilen harresi bat jarri ziguten, alegia, forentseari ez zioten baimentzen bere izenean parte-hartzea dilijentzietan. Hala ere, honek erabaki zuen aurrera egitea tortura zantzuak ikusi zituelako, hori erabakigarria izan zen. Auzitegi Nazionalean hamabost guardia zibil akusatuak izan ziren eta lau kondenatzen dituzte, eta kondena gainera, ohituta gaudenerako, “handiak” dira. Lau urte eta erdi, kartzela irmo betetzekoak.

Betetzen ari al dira?

Ez. Helegiteak daude tartean, haienak eta gureak. Fiskalak ere errekurritu zuen, kuriosa bada ere, sarjentu bati kondena erdia kentzeko. Guardia zibilek noski beren absoluzioa eskatzen dute. Kasazioan errekurritu dugu Gorenaren aurrean, Gorenaren erabakiaren zain gaude.

Nola bizi izan dute Porturen eta Sarasolaren familiek prozesua?

Dena oso publikoa izan zen, Igorri zer egin zioten adibidez, eta honen familiarentzat choc egoera izan zen. Oro har, familiarrak denak zoriondu behar dira. Gero prozesu judizialarekiko eszeptikoak dira, badakitelako inoiz ez dutela onartuko senideak torturatuak izan direla, ez dute ezer espero tribunaletatik. Oraingo kasuan lortu da apur bat, baina kasu bakarra izan da azken urteotan.

Sententzia oso garrantzitsua da, poliziaren ebazpen batean tortura existitzen dela jarri delako, bortizkeria izan dela guardia zibilen aldetik. Baina, halaber, alde ezkorrak ere badaude, ETAko presoen salaketak gezurrezkoak direla idatzi baitute, hauek estrategia bat dutela. Horiek aitzakia moduan idatzi dituzte kondena idatzi ahal izateko. Sententziak badu berea alde ona, baina alde batzuk etsigarriak dira.

Mikel San Sebastian ere T-4koarengatik dago kondenatua.

Eta Mattinen deklarazioetan soilik funtsatua. Kondenatua da, eta Mattinen esanetan oinarri hartuta. Auzitegi Nazionalaren 4. Aretoak ez ditu tortura zantzuak ikusten eta 1. Aretoak aldiz, bai. Baina kondena lehen deklarazioan funtsatu dute. Alegia, ez ditu aintzat hartzen biak torturak izan direla eta deklarazioak tortura pean jaso zirela. Donostiako txostenak horrela dioen arren, Mikel kondenatzen dute berdin-berdin.

Mikel San Sebastian eta Joseba Iturbide “pertenentzia eta lehergailuengatik” absolbituak daude, eta ondorioz Joseba aske.

 

Gatazkak sortutako biktimak

Gatazka bateko biktimen jarrerak biktimak eragin dituztenen egoera baldintzatzen ditu. Presoen bizitza alegia. Nola bizi duzu hori?

Hori ere oso gertutik bizi izaten dugu. Biktimen gaia bideratzeko benetako prozesu batean sartu beharko dugu. Zalantzarik gabe, biktimen inguruko eztabaidak sakon eta zabala behar du, handia, ez bakarrik biktimen inguruan, beste gai askoren inguruan ere bai. Biktimek badute beren iritzia, eta badute ematea, baina ezin dute irizpide politikoa eta are gutxiago juridikoa izan. Iritzia dute, eta ezer kendu gabe, minak baldintzatua da euren iritzia. Baina iritzi hori etengabe errepikatzen denez, beraiena irizpide juridikoa bihurtu da. Presoen afera konpondu behar da modu adostuan eta politikoan, alde askoren artean hitz eginez. Guztiok kontziente gara horrela izan behar duela. Areago, gehituko nuke, biktimei eragile politiko aitortu behar bazaie izan dadila modu positiboan, ez dadila izan atzera egiteko, egoera baldintzatzeko eta blokeatzeko. Baldin bada aurrera egiteko, aitortu diezaiegun eragile politikoa izatea, baina ez dadin izan trabak jartzeko.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
2024-12-10 | Euskal Irratiak
Karrikako publizitatea mugatzeko deia Elkargoari

«Argizko idazkun digitalak debekatu» lelopean, Aturri aldeko Stop Pub kolektiboak bederatzi proposamen plazaratu ditu, Tokiko Publizitatearen Araudia eztabaidan delarik momentu honetan.


2024-10-02 | Leire Ibar
Baxoan ahozko proba euskaraz egiteko eskubidea bermatu zuten irakasleak, ikerketapean

Uda aurretik, irakasle talde batek ekimen bat jarri zuen martxan ikasleek proba euskaraz erantzun ahal izateko. Kazetak adierazi duenaren arabera, orain gertatutakoa ikertzeko prozesua zabalik dago.

 


Miarritzeko auzapez ohi Didier Borotra zendu da

Politikari zentrista ezaguna, 1986tik 1991ra Departamendu kontseilari izan zen, 1991tik 2014ra Miarritzeko alkate eta Frantziako senatari 1992tik 2011ra. 86 urte zituela zendu da abuztuaren 21ean, infartu baten ondorioz.

 


Euskal herriarentzat nolako Estatu bat nahi dugu?

Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]


2024-07-08 | Pauline Guelle
Analisia
Hesi istorio

Nork aurreikusten ahal zuen 2024an Peio Dufau –Marie Heguy-Urain duelarik ordezko–  EH Baiko hautagaia, diputatu izanen zela? Eskuin muturraren kontrako kanpainak eta estrategiak funtzionatu du. Ipar Euskal Herriak ez du faxistarik bidaliko Frantziako Asanblea... [+]


Iñaki Echaniz, laugarren barrutiko irabazlea
“Itxaropen haizea dakar Fronte Herritar Berriaren dinamikak”

Iñaki Echanizek irabazi du Zuberoa, Nafarroa Beherea, Hazparne eta Biarnoko zati bat barnebiltzen dituen laugarren hautesbarrutian. 2022an bezala, garaile atera da, ezkerreko Fronte Herritar Berriaren izenean.


Ezkerrak hirukoiztu egin dio aldea ultraeskuinari Ipar Euskal Herrian

Ekainaren 30ean, lehen itzulian, 11.000 boto eskas gehiago lortu zituen Fronte Herritar Berria koalizioak Batasun Nazionalaren aldean. Orain, 30.000 boz atera dizkio. Parisera joango diren hiru hautesbarrutietako ordezkariak Fronte Herritar Berrikoak izanen dira.


2024-06-30 | Estitxu Eizagirre
Laugarren barrutian: Fronte Popular Berriko Iñaki Etxaniz irabazle, eta eskuin muturra bigarren lehen aldiz

Nafarroa Behereko zati bat, Zuberoa eta Biarnoko zati bat hartzen dituen laugarren hautesbarrutian %73ko parte-hartzea izan da (Frantziako estatukoa %65,5). Ezkerreko Fronte Popular Berriko Iñaki Etxaniz nagusitu da bozen %38,01ekin. Eskuin muturreko Batasun Nazionaleko... [+]


Ehunka lagun elkartu dira Baionan eskuin muturraren kontra

Sindikatuek eta Alda elkarteak deituta karrikara atera dira herritarrak eskuin muturraren gorakada salatzeko.


2024-06-13 | Euskal Irratiak
Mixel Esteban hautetsi ekologista
“Ekologia ez da modan, gure bozkak alderdi sozialistara joan dira”

Bigarrenetik seigarren postura erori da Berdeen alderdia Ipar Euskal Herrian, Europar legebiltzarreko hauteskundeetan. 2019ko hauteskundeen datuekin alderatuta, 10.000 boz galdu dituzte; hots, %17tik %7ra pasa dira.


Le Penen eskuin muturra irabazle Ipar Euskal Herrian

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri gehienetan nagusitu da Batasun Nazionala, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko prefekturak emandako datuen arabera. Nagusitasuna ia erabatekoa da Lapurdin.


2024-05-24 | Euskal Irratiak
Peio Etxeleku, Elkargoko bere kargugabetzeaz: “Ez didate ene burua defendatzeko aukerarik eman”

Jean René Etxegaraik Peio Etxeleku baztertu du Errobi lurraldeko arduretatik. Etxeleku Kanboko hautetsia eta EAJren Ipar Buru Batzarreko lehendakaria da. Joan den astean Hirigune Elkargoko buruak jakinarazi zuen poloko hamaika auzapezetatik seik galdegin ziotela... [+]


Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


Eguneraketa berriak daude